2010/04/27

Aurtengo irakurketa: Aurkezpena

KLASIKOEN III. IRAKURRALDI ETENIK GABEA

2010. 06. 16

08:00 – 20:00 // ARRIAGA ANTZOKIAN

Antolatzailea:


Duela bi urte Axularren Gero, iaz Mogelen Peru Abarca eta aurten Jon Miranderen Haur besoetakoa. BILBO ZAHARRA euskaltegiko ikasle-irakasleok oso pozik gaude, eta harro, “Klasikoen irakurraldi etenik gabea” ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, geure helburua, klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea, alegia, betetzen ari garelako.

Zer irakurri erabakitzeko orduan, orain arte, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu dugu. Hots, XVII. mendeko liburu batekin hasi, XVIII-XIX. mendeen arteko beste batekin segi eta XX. mendera iritsi gara. Bi jauzi izan dira, ehun eta hirurogei urte ingurukoa bakoitza, euskal literaturaren historian barrena.
* Gero (1643)
* Peru Abarca (1802)
* Haur besoetakoa (1959)


Izan ere horixe zen lehendabiziko hiru irakurketekin lortu nahi genuena: historia horren erakuskaritzat balio lezakeen hautaketa duin bat eskaintzea. Halatan, bada, gure ekimenaren “lehen aroa” betea dela esan dezakegu. Datorren urtean, irizpidez aldatu beharrean gara, ezinbestez.
Baliteke, orduan, XVI-XVII. mendera bueltatu eta berriz hastea; beste liburu batekin, noski. Baina, gerokoak geroko utzi, eta gatozen aurtengo irakurgaiaz hitz egitera; Jon Miranderen Haur besoetakoaz, alegia.

Egia da “klasikoa” hitz labaina dela eta ez dela erraza zein garai biltzen duen jakitea. Eta hala, ez litzateke harritzekoa norbaitek 1959an idatzi eta 1970ean argitaratutako nobela bat, Haur besoetakoaren kasua, hain zuzen, klasikotzat ez hartzea. Gu ez gara eztabaida horretan sartzen. Jon Miranderen liburua euskal literaturako mailarik gorenean dago eta merezi du gure ekimenaren ateak parez pare zabal diezazkiogun.


HAUR BESOETAKOA aurkezpena

Hemen III. Klasikoen Irakurtaldi Etenik gabeari buruzko aurkezpena!

2010/04/21

Haur besoetakoa: pasarteak


Jarraian datozen post-etan topa ditzakezue aurten irakurriko dugun liburuaren pasarte guztiak.
Komentatu, ideia berriak, iradokizunak... gustura hartuko ditugu.

1. Pasartea


Martxoko egun bat zen. Sartaldetik zetorren haizeak, itsasoko oihartzunen ekarle, makur-erazten zituen parkeko zuhaitz ilunak sala-leihoaren aurrean; intzirika ari ziren, eta iharrosten ziren ontzi-mastak izan bailirakeen ekaitz baten jostagailu. Ba zirudien giza-bihotz baten amets maiteena, ontzi-irudi haietara emanaz, urrutira eramanen zutela, beti urrutirago amets orok loratze ta betegintzarre duen ugarte doatsuetaraino... Baina haizea erortzen zenean eta gaurko hodei lodien artetik ilargiak bere arpegi maltzurra irkaitzez erakusten zuelarik, berriz ere urkabe bihurtzen ziren zuhaitzok, zut, gora, mugitu gabeak zeru beltzari kontra. Martxoko egun bat, hotza, epai-egun bat bezalakoa, pentsatzen zuen gizonak, kanpora begira; belek baizik ez zuten huts egiten... aski goizik hor izanen ziren ordea, haren amets hil-beharraz asetzera etorririk. Bat zekusan jadanik, begiak barruko aldera inguratzen zituen aldikal: neskame zaharra hor zebilen, beltzez jantzia, ezpain meheak tinkaturik eta mutiri, etxeko jaunak eragozten ziolako mahaia eraikitzen zihardukalarik. Baina gizona ez zen higitu, eta atsoari beste nahigabe bat emateagatik, agindu zion edatera ekar ziezon berehala. Salan bero zen ta goxo, bihotza etsipenez izozturik ez zuenarentzat. Gar biziek xinpartak zerabilzkiten sutegian, alai eta zalapartari — egurrezko suak baizik ez zituen onartzen gizonak; ez zuen nahi esan — delako aurrerapenak haren etxe zaharra deusetan ere itxuraz alda eta itsus-eraz lezan, eta askotan zinkurina egiten zion neskameak, aspaldiko otsein batek duen familiaritate zaputzarekin, ugazabaren burukeria horrek etxeko lanak zailago eta ugariago egiten zizkiolako.

2. Pasartea


Gizonak gor egiten zion: zergatik lana arindu behar zion? Nork zizkion berari egitekoak arintzen? Besteen esanera gehiegi bizi izan zen orain artean eta ondikotz! oraindik ere besteek haren baitan jarritako itxaropenari amore ematera gertu zen, besteengatik sortutako bere buruaren aizun-irudiari uko ez egitearren. Zergatik ote? Ez koldar zelako, agian. Gizarteko eginbideak zituen eragile, pentsatzen zuen ironia mingar batekin, etxe-ondo zahar baten jabe ta leinu ohoragarri bateko seme denaren eginbideak... naiko lotsa-gai ematen zion bere leinuari, hogei eta hamar urteetara heldurik eta beti ere lan egin gabe bizi izanaz, gurasoek utzi zioten diru apurra janaz, haren senitarteko gizon langille, zintzoak, aberasten ari zirelarik! Ez zuen, ez, atzera egiterik, onbideratu behar zuen azkenekotz. Ai! haren egiazko nortasuna non zegoen, eta zer eskatzen zuen, baleki, edonori gogor egiteko lain izanen lizateke noski, edozer gertaturik ere, ezen hark ere sinesten zuen «hoben dela sehaskan dagoen inut-aurrari lepoa tinkatzea norberaren bihotzeko nahikari bakar bat itotzea baino»; oraindik ez zekien ordea zer nahi zuen haren bihotzak, bildur latz bat zedukan haren irriki zoroa arimaren egarria kentzaile izan behar zitzaion ur garden ozpila, itur-buruan agortuko zitzaiola, esteta baten solas alferra baizik izan ez zelako hasieran. Hasieratik jakin balu egiati izaten.Txinpartak ke-bidean gora jauzten ziren, sorgin ongile batek deituriko pamerial alaiak irudi. Gizonak inguratu zituen begiak leihotik suaren aldera.

3. Pasartea


Sutondoan, zitzailuan jarririk zegoen Theresa, eta garrek haren itzal lerdena dantza erazten zuten ormaren gainean. Irakurtzen ari zen, ahoa erdi-zabalik eta begiak liburutik hurbilegi, haur gazteek ohi dutenaz. Noizetik noizera, xinpart batek besteak baino biziago urrez erraustatzen zituen haren ile-xorta barneko ilun-nabarrean gorrizka agiri zirenak, eta noizetik noizera, gar luzeago batek haren aztal eztia mihazkatuz, aldera inguratzen zen hats-behera ito batekin. Ba zirudien bere gogoa oro irakurtzen ari zen liburu lodi, azal gorrikoan zedukala, baina gizonak begiratzen ziolarik, begiak eraiki zituen haurrak eta so egin zion aita besoetakoari irribarre herabeti batekin. Irribarrea bihurtu zion gizonak, ez zen ordea deusen esatera ausartu, eta Theresak bere liburua hartu eta berriz ere irakurtzeari lotu zitzaion, matrailak piska bat gorriturik, suaren beroaz agian.
Elkarri so egon ziren ereti labur hartan, haurraren begi nabar zoargiak harenei erantsiak gelditu zitzaizkien betikotasunaren momento hartan, zer esan, zer adi-eraz zezakeen? Gorputza ikara zedukala eta sutan gogoa, ez egurrezko su alaiaren garrez baina izaerazko suaz, lurra, haizea eta ura antzaldatzen eta moldatzen dituena — haragia den lurra, gogoa den haizea eta arima den ura...Ur zabal bat, itsas-ontzi batzu tesoroa kargatuak haren gainean baitabiltza, Sartalde herrimin-pizle batetik etorriak; Bizantziako urre ta zilar guztiak baino dirdaitsuago, Ispahango lore guztiak baino usaindunago diren tesorooz zamatuak...