2010/04/21

13. Pasartea


Gutxi asmatzen zuen, orduan, aste zenbaiten bururako zertaraturik lizatekeen Theresa txiki hori zela kausa. Eta orain, susmatzen hasia zen gorputz eder hori, bere edertasun mozkorgarriagatik eta guzti ere, sinbolo bat baizik ez zela, haren bihotz urduria herri-minez jotzen zuen zerbaiten sinboloa, baina oi! inoiz ez zuen orain sinbolo hori behar bezala ikertzeko astirik izanen. Hain gazte zelarik, Theresak ez zuen hainbat aldiz adin horretako haurrek duten mehetasuna erakusten, nahiz, zeruari esker, ez zen oraindik formatua neskato goiztarregiak diren bezala. Baina emakume batenaren eztitasuna zedukan haren larru esnetsuak eta haren iztarrak, mardul eta fresko zirenak, berotasun batez iraganak izaten ziren gizonaren eskuak heien gainean zabaltzen zirelarik eta barruko aldera eztiki oratzen zituztelarik. Urre ta marmorezko usain-ontzi bat zedukan hor eskuen artean eta, makurturik, ahoratzen zuen usain maite hori, hainbat mozkor-erazten zuena. Eta Theresaren haur-emetasunaren zigilua hain sotilki zekarren sabeltxo ordo horri, ozta antzen hasia zen bular zuri horri bere zorabioan begiratzen ziolarik, murmurikatu zuen, bet-betan goibeldurik: «Et les fruits passeront la promesse des fleurs...». Bai zoritxarrez; handik urte gutxi batzuetara, hiruzpalau urteren bururako, betiko joana zatekeen haren haurtasuna; lore berri bat izateko ordez, udako frutu lirin bat izanen zen maitaleen hortz erruki-gabekoek osk egingo ziotena eta, laster udazkenak zimel-eraziko zuena... Handik urte zenbaitetara, beltzaranduko zen urrezkotasun hori guztia, endaren hala-beharraz, eta sexuaren hala-beharraz haragi arin eta malgu hori mardulegi, beteegi eginen zen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario