2010/04/21

20. Pasartea


Geroarekiko kezkak gerorako lagatuz, betegintzarre bat izan dadila oraingo goiz hau bederen! murmurikatzen zuen gizonak, otoitz-antzean, Theresari so zegoelarik.
Azkenean, eta ez goizikegi, atera zen neskamea. Kanpora joanik zela segurtatu ahal izan zenean, jaiki zen gizona, eta salatik ilki. Theresaren aulkiaren atzetik iragatean, haurrari ilea ferekatu zion, eztiki eta amultsuki; deus ez zion ordea esan. Bibliotekan sartu zen baina ez zuen libururik ez aldizkaririk irakurtzeko gogorik. Bere besodun jargian exeri zen, eta radioa pizturik, musikako emisio bat bilatu zuen. Musika goibel bat entzun nahi zuen, ez latin-errietakoa inola ere, Alemania edo Rusiakoa baizik; samur eta hotzena, barrurakor eta oroz-gainekoa batean, halako bat soilki zen gai haren atseginaren laguntzaile izateko. Ezer ez baitzuen bere gusturako aurkitu, radio itzali eta Schubert'en «Amaitu-gabea» ezarri zuen disko-inguratzailean. Egokiagorik ezin asma...
Eta berehala, Theresa etorri zitzaion aldamenera, itunbe baten ondotik izan bailitzakeen — baina ez zuten ezer hitz-artu... Haren oinetara jarri zen haurra, aulki apal batean; liburu bat zedukan eskuan, eskolako liburu bat tindaz orbanduxea... Ez zuen zabaldu; isil isila entzuten zion sinfoniari — zorionez, hain gazte izaki, musikatzailea zen eta biok, gizona eta haurra, mugitzeke egoten ziren, ez zioten elkarri begiratzen ere, Franz gizajoaren doinu hits, bihotz-erdiragarriak hots egiten ziolarik arimari. Diskoa azkenekotz bukatu zenean, ez zuen beste bat ezarri.

No hay comentarios:

Publicar un comentario