2010/04/21

10. Pasartea


Minuta bakoitzeko hirur-hogei sekonta iguriki behar, sekonta bakoitzeko, ordea, askoz luzaroago! Hotsik ez zuen entzuten etse guztian, bere bihotzaren taupadak ezik.
Ezer ez zen ezagun neskamearen gelan ere. Sukaldean ahal zen oraindik, zelatan. Bost ajola zitzaizkion! Salan argia piztuta utzirik, eta vodka-botila agerrean mahai-gainean, goiti joan zen. Lehenbiziko oinera heldu zenean ez zen bere gelaren aurrean gelditu; aurrera joatera zen baina orduantxe, neskamea bere sukaldetik ilki eta eskallera-sarbidean agertu zen... beste gauetan bezala. Deabru guztiek eraman ditzatela atso zantarra, eta haren susmoak! ez nau hark saihets-eraziko, pentsatzen zuen hasarreturik. Hala ere, ikusirik etseko jaunak geldituta-so egiten ziola, itzali zen neskamea... Goiti jarraitu zuen. Theresaren atera iritxi zanean, adi egon zen apur bat, belarria atearen kontra. Haurraren harnasa entzuten zuen, arin eta arauduna. Lo zatekeen astunki. Kontuz ibiliz den gutxien hotsik ez egiteko, atea ireki zuen, eskallera-buruko bonbilak eskaintzen zion argi ahulean haurraren ohera hurbildu zen, eta piztu zuen haren gau-mahaian zegoen lanpara txikia. Gero atea itxi zuen.
Gau-mahaiko lanparak leunki argitzen zuen lo zen haurra. Gizona kadira batean exeri zen, alaba besoetakoari begiratzeko. Paretari buruz inguraturik lo zegoen, baina garbiro ikusten zuen haren aurpegi-ertz malgua, matrailaren marra eztia. Haren adats horia, gauerako deslotua, erortzen zitzaion sorbaldara; emeki laztandu zuen ile eder hori, behatzen artetik uzten zuela isurtzera urrezko ur bat balitz bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario