2010/04/21

78. Pasartea


Biharamon goizean; salan zeuden, Theresa gosaltzen ari zen. Berak ez zekaeen jan deusik, korapilo bat zedukan zintzurrean haurrari begira zegoelarik. Ez zen deliberatzen mintzatzera. Behar zuen, bai... Goizalde hartan bertan biek behar zituzten, boik gogaide izaki, bideak apaindu ihes egiteko kalte egin nahi zieten gaiztoei... Hamar egun baizik ez zitzaizkien emanik izan, baina hamar egun hoek bere hurren beldurgarriraino iritxi baino lehen, biok ihes eginik ziratekeen, betikotz, etsai guztien helmenetik — aski bihoztoi izanen baziren behintzat. Damu bat samin baino saminagoak osk egiten zion bihotzean oraindik naiko osoki ezagutu ez zuen gorputxo zuri horri so zegokiolarik. Oraintxe ezagutu behar ote zuen, ala bi gorputzen elkarrekilakoa bere betegintzarrera heldu gaberik utziz, hobeki eta gozokiago loak hartuko zituzten, bata bestearen besoetan errendaturik izanen zirenean? Gorputza ez-behar bat omen; edo eragozpen bat — baina bai eta arimara daraman bide bat ere, Goizerriko mistikoek erakutsi zioten araura. Ondikotz! Theresaren arima haren haragia biano gaizkiago eta azalezkiago ezagutzen zuen oraindik... Ai, nonbaiteko ahalmen batek nahi izanen balu, gaur biziko zituzten ordu apur horietan, arima bien egiazko elkargoa lor ahal zezaten, mirari baten bidez!... Ala gero izanen ote zen elkargoa hura, begitasun bat bakarrik edo gerorako gertabide bat izaki orain artean egin zuten guztia?

No hay comentarios:

Publicar un comentario