2010/04/21

19. Pasartea


Men egin beharko zion Isabelak opariñari, berak egin zion bezela! Hasi zen tea edaten, gogoa urduri alaba besoetakoaren etorreraren begira — urduritasun alaia zen ordea... Zer izanen ziren Theresaren lehengo eleak, zer esanen zion bezperako gertatutakoaz? Esanen, deusik ez noski, baina asko adi-eraziko zion bere isilean. Ezagutzen zuen haur isila... oraindik ez gura zuen bezainbat, eiki, baina ezagutza hori gehituz joanen zen egunero, ezkutapen berriak argitara-eraziko zituen egun orok Theresaren haur-nortasunarekikoak... Irrikiz zegoen ikerkuntza hori lehen-bai-lehen hastekotz. Azkenekotz Theresa agertu zen. Beste goizetan bezala etorri zitzaion bekokia eskeintzera, musu bat eman ziezon aita besoetakoak. Honek susmatu zuen bezela, deus ez zion esan ohiko agurraz kanpo, baina gizona ohartu zen, haurra salan sartu zen orduko, matrailak gorrituxe zitzaizkiola eserita eta haren haiduru ikusi zuenean. Galdegin zion, begietara so eginaz: «Ongi lo egin dun, Theresa?» Orduan ere isilik egon zen haurra, baina irribarre bat egin zion epaixka aita besoetakoari, eta irribarre isil, itzurkor horrek edozein ihardespen balio zuen. Gizonak jarraitu zuen bere tea xurrupatzen neskameak gosaria zerbitzatzen ziolarik Theresari. Laster, biok gosaria hartu ondoren eta berak mahaia eraiki eta garbitu ezkero, merkatura aterako ahal zen neskamea eguneko erospenak egitera, kanpora joanen ahal zen, edonora, biok bakarrik etxean utzirik goizalde guztirako. Nork zekien noiz gertatuko zitzaien horrelako beste goiz bat, elkarrekin izateko jakile baten gabean...

No hay comentarios:

Publicar un comentario