2010/04/21

14. Pasartea


Begiak orain bezain nabar eta garbi egonen zitzaizkion noski, bainan orain begi horietatik so egiten zion arima, bere aldatu ezinean ere, estaliko, ezkutatuko zen Theresaren gainerako bizi guztirako eta haren ordez, emakume baten espiritu huts eta itsuak so eginen zion... Nazkagarria! Hobe lizateke bai oraintxe hil lekion, bere haur-emetasuna orbandu gaberik zedukalarik, bihotzean zauri sendatu ezin bat utzi behar bazion ere.
Baina ez zen ordu, gogorapen hits horiek ala zitzan; orain haren poz haundiaren ordua zen, gorputz polit horrez ikusiz eta ikertuz gozatu behar zuen ezinagora artean, ahazturik biharamoneko egunak zer ekarriko zion gizonezko eta emakumeekiko aspertasun, ez-ontza ta zorigaitzik, ez pentsaturik Theresaren gela utzi ondoren edariak emanen zion mozkorraldi motz eta laburregiari. Gorputz eder horren gune bakoitza hukitu behar zuen begiz eta eskuz, haren ezaguera betiko iraunen zuen altxor bat izan zekiontzat enparantzako egun goibeletarako. Hartzara hartu zuen Theresa bere besoetan, musu bana eman zien haren begi itxiei, aspertu gabe haurraren izena ahapeka berresaten zuela inkanta bat izan balitz bezela. Baina burua eraiki zuenean hobeki so egiteko alaba besoetakoaren aurpegi politari, xunditu zen konturatzean Theresak begiak zabalik zituela eta begiratzen ziola, isilik. Harridurarekin botza moteldurik, galdegin zion: «Ez haiz lo?» eta lotsa arren, haurra bere ohean pausatzera zihoan, haren gelatik lapur hatzeman batek bezala ihes egiteko asmotan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario