2010/04/21

16. Pasartea


Egia ote zen Isabelak ez zuela neskatoa maite? Sekula ez zuten elkarren artean haren aipurik izan... Nola ere baitzen, susmatu ote zituen haren lokarriak Theresarekilako, nahiz emaztegaiaren aitzinean, hala nola beste jende guztien aitzinean, hasieratik ahalegindu zen bere sentimenak ezkutatzera? Ba zitekeen — zer nahi izanik ere haren buru-arinkeria eta azalkeria, gizonen bihotzaren ezagutzaile aditua zen Isabela, ohart-ikasi aberats baten jabe zen eta... Eta gizonak andregaia gaitzetsi zuen bere baitan, haurraren negarraldi horren zio zelako, baina fidatzen zen jakinen zuela Isabela hartara ekartzen, alaba besoetakoa haiekin egotea onar zezan. Beharko zuen jakin! Hortarakotz, edozein humilazio, zernahi hildura jasatera gertu zen. Erabaki zuen bere gogoan biharamonean bertan hauzi hori zurituko zuela Isabelarekin, eta botz sendo batekin esan zion Theresari: «Ziur ziur izan hadi enekin egonen haizela, beti».
—«Baina Isabelak ez ba du nahi?».
—«Nahi izanen din. Eni fida hakit, harren, eta ez dezanala gehiago negarrik egin».
Oraindik ere haurra ezin zen kontsolatu eta negarrez beti, eskatu zion: «Zin egiten duk gordeko nauala heurekin?». «Zin egiten daunat, bai», erantzun zion, musu bi emanaz haren begietako negar beroetan. Orduan bakarrik zen haurra baketu eta sinisten ziola agiri zuen; irribarreño bat egin zion, lotsatua, eta gizona gorritu zen, eskua ezarria baitzuen ohartu gabe Theresaren sabeltxoaren gainean, haurra lotan zelakoan egin ohi zuen araura, haren gorputza oro ikara jartzen zuela lazten luze, geldi horrek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario