2010/04/21

58. Pasartea


Jakin-guraz eskutan hartu zuenean, ikusi zuen hitz hoek zekarzkiela, Theresaren haur-eskribuan markaturik: «Besta on» — eta orduantxe bakarrik zen oroitu haren jaioteguna zela... hain aspaldi ba zen inork ez ziola urte-muga hori opatu, maite izan zituen gizakietatik... Eskuak pitin bat ikara, paketa ireki zuen: barruan, lauki eder batean ezarririk, irri polit batekin hari so, Theresaren portreta zegoen. Berehala ezagutu zuen haurraren foto bati jarraikiz eginik izan zela, berak baitzuen hartu, ondartzan egon ziren batean. Baina pintoreak trebeki jakin zuen neskatoaren begitartearen berezitasuna foto isil, kaskar hartatik bere pintzelaz aldatzen... Walkiria xiki baten urrezko bi trentzen artean elurtsu eta garbi agiri zen aurpegitxoan, haurraren begi nabarrek erakusten zuten samurtasun isil, iritsu hura, aita besoetakoaren bihotz-erdiragarria. Nor baitzen ere portretaren egilea, ezagutzen zuen haurra... eta bere pozaren erditik susmo xar batek zimiko egin zion gizonari bihotzean. Baina ezin zitekeen, Theresak ez zuen beste gizonik ikusi! Galdegin behar zion, antzezki, denborarik galdu gabe... Bitartean ber esker ona baizik ez zion erakutsi izan nahi — haurrak hobekien ulertuko zuen gisan. Eta eztidura mingar batek jo zion arima ohartu zelarik Theresak, haren besoetan errendaturik, portretean zituen begi misterios, irritsu hek berak eskaintzen zizkiola musuari. Bazkaria ohi bezala iragan zitzaien, baina jan-ondoan, itsasoari buruz abiatu zirelarik inguru bat ematera, besotik lotuta zebiltzalarik bide-berrian eguzki saminaren galdan, galdetu zion: «Esaidan, Theresa, nori egin-erazio dion portreta?»

No hay comentarios:

Publicar un comentario