2010/04/21

21. Pasartea


Begiak erdi itxita, uzten zuen musika jainkozko hori haren baitan are durundatzera, Theresaren hor izteaz ederrago, joriago, zentzuz zamaturikago zen musika hori. Eta haurrak, ikusirik oraindik ez zuela hitz egiteko gogorik, bere liburua iriki zuen eta hasi zen irakurtzen, ezpainak higituz zerbait ahapeka esan balu bezala — lezioren bat ikasten ari zatekeen, eta gizonak irribarre egin zuen, bere pentsamendukari jarraitzen ziolarik.
Apur baten ondoren, galdegin zion: «Zer ikasten ari haiz, Theresa?» Haurrak, hizketarako gertu zela konturaturik, laster itxi zuen liburua eta erakutsi zion. Bihotz-mugida batekin so egin zien haur-liburuko textu eta apaingarri lau heiei... Theresaren espiritu berria, Theresaren nortasun xiki, preziosa, kulturaren ezagutza egiten ari... ikugarri eta zoragarri zitzaion asmo hori. Baina bekaizkeriak osk egin zion bihotzean, bet-betan otu zitzaiolarik arrotzak izanen zirela haurraren irakasle. Zer eskubide zedukaten heiek haren adimena formatzeko? Zergatik heiengandik ikasi behar zuen Theresak? Damu zuen sekula eskolan ezarri izan zuelakotz, berarekin gordetzeko ordez, bera egoteko ordez haren irakasle bakarra. Egiazki, ez ote lizateke solas atsegingarri bat izanen, bene-benetan bere eskuetan hartuko balu alaba besoetakoaren eskolatzeko kargu hori, haren pentsaeraren errainu bat izan ledin haurrarena. Zihurrik zegoen Theresak, —nahiz ez zen orain artean eskoliersa ona izan— bere ahaleginak oro eginen zituela hark irakatsitakoak ikasteko. Eta berak zekien guztia irakatsiko zion, eta guztia ulertzera ekarriko zuen, eskoletako programak moldatzen dituzten asto jakintsuak eskandaliza-erazterainokoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario