2010/04/21

57. Pasartea


Ikasi zuen hizkuntza orotan, hark ere behin, hozen eta samurrak, neurtitzak onduko zituen haurrarentzat! Ez, nahiz inor ez zetorkion areago ikustera, sekula ez zen aspertuko, inoiz ez zuen jendeekilakoaren beharrik izanen itsas-bazterreko etse zahar hartan: Theresa zen premiazko gizarte bakarra. Etseko andrearen papera ere zintzoki egiten zuen haurrak. Neskamea ba zuten oraindik, baina gizona ez zitzaion gehiago mintzatzen; alaba besoetakoaren bitartez zizkion behar ziren manuak ematen. Eguerdi batean, solas bezala, bazkaria berak zerbitzatu nahi izan zion Theresak eta, irribarrez, ahapeka kantatu zion neskatoari: «Zure eskutik nahi nikezu bizi nizano ogia...»; geroztik haurra izan zuen zerbitzari otordu guztietan. Azkenekotz, bere jaunaren otsein bakarra izan nahi zen Theresa; kozina egiten ikasi zuen — gogo-kontra sukaldearen usantza utzi behar izan zion neskame zaharrak, etsean zegoen espiritu berriak beldurretan zedukan ordea, ez zen lehen bezala zapuzkeriarik erakustera ausartzen eta arazo horretan eta besteetan orotan amore eman behar izan zuen; Theresak zuen orain gizonaren soinekoen ardura, hark zizkion lo-gela eta biblioteka ordenan atxikitzen... Neskameak ez zuen gehiago eskuriketseko jaunaren zerbitzuari zoakion edozein gauzatan.
Behin bazkaltzeko orduan salan sartu zenean, mahaian jarri zelarik Theresak janari ekar ziezon haiduru, zeta-paperaz inguraturiko paket bat aurkitu zuen bere platerean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario