2010/04/21

85. Pasartea


Gogoetan egoten zen Theresa... ere bai, ausaz — ala poz igurikor, susmorik gabeko baten egoetan eramana zen jadanik haurra, irudimenez, geroko zorion-leku ustekizunezko hauetara? Hala antz ematen zuen haren irribarre zerutarrak... Haren erru-gabetasunaren jabe izan ahal balitz gizona ere, ordu hartan! Pattarrak barrua erretzen zion, adimena garretan ezartzen... baina ez zen mozkor; ez zuen utzi nahi mozkorra haren buruaz jabetzera — bere ezaguera osoa azkeneraino gorde zezan eskatzen zuen haren Zindotasunak.
Joan beharko zuten laster... Seinale bezala, aspaldiko goizaldi hartan biek elkarrekin entzun zuten Schuberten sinfonia disko-inguratzailean iragan erazi zuen berriro; musika isildu zenean jaiki ziren biak elkarrekin eta, bata besteari eskutik helduta, kanpora joan ziren. Itsasoaren aldera zebiltzan, isilik, urrats lasterrean. Udako egun eder bat zen eta alde orotatik, hiritik, baserrietatik, ba zekusten jendea ondartzarantz abioan. Eguzkia zilar-koloreko zen eta errukirik gabe isurtzen zuen bazter guztietara bere argi itsugarria; uhin berde-urdinak eztiki hausten ziren, ordea ondoartzaren hegian... Baina zinaurri beltz, higuingarria batzu bezala agir zitzaizkien ondarrean jendeak — urrutirago behar zuten... Eta itsas-bazterrean ba zioazen, aurrera — zelatan, haien zoriona gal-erazi nahi zuten gaiztoak ondotik jarrian izan bailituztekeen... Udazalerik ez zen leku baztertu eta egoki batera heldu ahal izan ziren, beren ezagunetatik inor gurutzatu gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario