2010/04/21

72. Pasartea


Baina mendearekin batera «aurrera» zoazen jendeok... Jakintza ezagutzen zuten orain haren ingurukoek ere, «Maitasun haundiaren gabeagatik gaixotasuna» den jakintza! Irri-egingarria benetan... gogoan ikusten zuen gusua Krafft-Ebing edo Freuden liburuen itzulpenak irakurtzen, estudiatzen... bur-muin lodiak nekatzen, ohitu gabeko terminak ulertu nahiz —metodikoa baitzen gizontxoa— eta azkenekotz, haren kasua azaltzen eta argitzen aho-zabalik zeuden familiako beste kideei. Esan gabe zoan gaitzesten baino gupitestenago zutela orain, Freud eta Krafft-Ebingi esker... Halarik ere, ekanduaren indarraz edo, haren epaile izan ziren, heriotzerako epaia esan zuten haren gainean. Gauzak ez ziren haiek uste bezala gertatuko, ordea, deabru guztiak arren! Hamar egunen epea utzi zioten bihotz-zabalok — eta aldakuntzarik asko agi ditezke hamar egunen artean. Baina ez zuen oraindik naikoa edan itxaropen-izpi bat bezela agertu zitzaion burutasunari abegi ematera ausartzekotz; lehen baino lehen behar zuen beste botila bat aurkitu, beldurrez eta asmo kontsolagarria hegan joan lekion, sekula atzera ez bihurtzekotz. Non zen neskamea? Ez! bera joanen zen edariaren bila... baina atso zantarra ez zuen ahaztuko. Oraintxe zen haren aldi izanen.
Lo-gelara iganda, botila bat hasi-gabea hartu zuen eta, apur bat gogoetan egon ondoren, larruzko zihor bat, zaldiketan ari zen bere gazte-denborako oroitzapena. Su basa bat begietan zuela jautsi zen etse-azpiko salara. Atsegin igurikor batez gainezka zedukan bihotza, edariak emanik zion, senditzen zuenaz, edozer eragozpenetatik, edozein eragozlerengandik, Theresa eta bere burua askatzeko boterea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario