2010/04/21

9. Pasartea


Zainbera zen haurra, eta amets gaiztoak egiten zituelako gauaz aita besoetakoak eraman zuen, astebete zela, ezagutzen zuen sendakin bat ikustera; honek, gizonak haren kasua azaldu eta, beste galderarik gabe lo eragiteko sendagailu bat agindu baitzion. Arrezkero zintzoki hartzen zuen Theresak, bera konturatu ahal izan zenaz.
Azkenengotz neskameak mahaia eraikia zuen eta bera ere ohera joateko gertu zen. Nagusiari gau on opatzean, galdegin zion edaria eraman zezakeenetz. Atsoari desplazer berri bat ematearren, erantzun zion gizonak godaleta har zezakeela, baina botila mahaian uzteko... eta neskamea salatik atera baino lehen irentsi zuen gelditzen zen vodka botilatik bertatik. Orain itxaron. Hamar minuta, ordu-laurden bat gehienez. Naikoa izanen da. Gehiago ez edan, alkoholak ez ditzan haren begiak lauso, bere gautar atsegin apalaz osoro goza zedintzat. Bai, behar zituen begiak erne atxiki, gogoa ase eta batatzeko laster areago ikusiko ez zuen irudi maitagarriaz. Oraindik lauzpabost aldiz, ezte-eguna heldu artean, eta gero gehiago ez noski. Gero gehiago ez bere bizi guztian, edo beranduegi lizatekeen arteraino. Ai! gauko ikustaldi isila amaitu ondoren beharko zuen botila bat vodka hustu, bakarrik bere ohean, gogorapen urragarri horrek haren gautik infernu bat egin ez leizontzat... Jarri zen zitzailuan, Theresak utzi berri zuen lekuan, egur bat ezarri zion suari eta egon zen higitu gabe, minutak kondatuz paretako herlojuari so.

No hay comentarios:

Publicar un comentario