2010/04/21

40. Pasartea


Eskutitza bukatzerakoan, hitz iraingarri zerbait ezartzera zen, bezperan bezain bizi baitziren oraindik anderearen eretzean nabaitzen zituen gorrotoa eta erdeinua, baina hobeki pentsatu eta, deus ez zion esan: ez zuen balio lo zen hura iratzar zezan — lo bazen bederen... Gero, bere ahaide eta ezagun batzuei idatzi zien —ondikotz ez zuen sekretari bat lan aspergarri hori haren gain uztekotz— laburzki esanaz ezkontza-xedea hautsi zuela; ez zuen ziorik ematen, baina gaineratzen zuen hobe zela momentoko inork ez lekion jin ikustera, bakantzaz joatekotan baitzegoen. Ez zuen oraindik joateko asmorik —zertarako bada, bakantzetan zegoen jadanik Theresa berarekin zuen ezkero— baina bakea ba zukeen horrela besterengandik. Azkenean, neskamearen aldi... Bakan egin ohi zuena, xilinaz dei egin zion sukaldera, eta agertu zenean salan, mutiri, eskerra gaizto, hala ere estonamendu piska bat erakutsiz, agindu zion: «Edonor baldin badator —edonor, zionat— esaion ez naizela etsean, edo gaixorik naizela eta ezin ikus dezakedala, edo hil naizela, nahi dunana...» eta otseina, sorbaldak den mendren eraikiz alde egitera zoalarik, gaineratu zuen: «Eta aizan! hemendik aurrera ez dinat hire erasiarik entzun ez hire mukertasunik nabaitu gogo, ez ene, ez Theresaren aldera... eta orain danik hobe dun gogoan hartu Theresa hire ugazabandre dela, ni hire ugazaba naizen bezelaxe: ikas ezan harren haren esana egiten enea eginen dunan bezain artoski. Orain joan haiteke» eta hari begiratu gabe liburu bat hartu zuen eta irakurtzen zuelakoa egin. Harridurarekin mututurik, neskamea itzuli zen bere sukaldera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario