2010/04/21

36. Pasartea


Jarraitu zuen: «Bai Isabela gaiztoa joan dun betiko, eta hi beti enekin egonen haiz, biok bakarrik beti» eta bezperan bezala musu bat eman zion begietara. Orduan Theresak sinetsi zuen; haren negarra ez zen atertu, baina zorioneko malkoak isurtzen zituen orain, bihotz beteegia laxatzen zutenak, eta gizonak besoetan hartu zuenean etsera eramateko, burua tinkatu zuen harenaren kontra eta azkenekotz, gau ilunean agiri den artizarra, irribarren bat egin zion bere negarren artetik, eta eskua iragan zion laztanduz biloetan, aita besoeteakoak berari egin ohi zion antzera.
Isabela egiaz joanik zen. Neskamea baizik ez zuten aurkitu etsean; oraindik nagusiaren hasarrearen beldur baitzatekeen, ezer ez zien esan, baina begirada gaizto bat eman zien biei eta sukaldean sartu zen berehala, haiekin agitu nahi izan ez balitz bezala... izurrite batek joak izan balira bezala. Hainbat hobe, pentsatzen zuen etseko jaunak, erasiak biharko uzten baditu, orduko ba duket ihardespen bat gerturik! Theresa besoetan ohera eraman zuen. Ohean eratzan eta, amultsuki laztandu zizkion oraindik gorri eta bero zeduzkan matrailak, eta hitz kontsolagarriak esaten zizkion ahapetik. Baina kontsolaturik zegoen jadanik... Ereti baten buruan, gorputz eta gogoaren nekadura, edo aita besoetakoaren laztan arinak zio zirela, lokartu zen Theresa. Gizona oin-puntetan atera zen gelatik... gau hartan ez zen itzuliko, lo egin bear baitzuen Theresa gaixoak. Baina orain ba zekien segurtasunekin gau guztian haurraren ametsetan egonen zela, haren amets erneetan haurra zegoen bezala. Gau hartan ere ez zuen lorik egin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario