2010/04/21

81. Pasartea


Gizonak aldia iritxi arteraino gaia aipatu gaberik lagatuko zuen hobekienik, baina, isiltasun horren erdian, neskatoak galdetu zion behingoan: «Hil ondoren ere elkarrekin izanen gara, ez da?» Ene Theresa! neronek baneki! pentsatzen zuen etsiturik, nik zorioneko horrek ene liburuetan eta ene eleetan ediren dunan zihurtasun hori neronek baneduka!... Beti saiatu zen zindo eta egiati izatera haurraren edozein galderari buruz; baina orain beraren zalantza, beraren ezagueraren mugak hari agertzea ankerkeria bat baizik ez lizateke, eta azkenekotz esan zion: «Bai, Theresa, elkarrekin izanen gaitun orduan ere». «Beti elkarrekin, gu biok bakarrik?» jakin nahi izan zuen neskato kezkatuak — eta segurtatu zion hark: «Bai, betikoz biok elkarrekin, eta gaizto guztiengandik urruti!».
Biak elkarrekin betikotz? Biak bat eginik betikotasunean? Batzuek hala diote, eta bestetzuek bestela... izugarriena da neronek ez baitakit, zion bere baitan... Beharbada Theresak ba daki, ordea, adimen elkor alferraren urguiluak ez baitio hari ber-jaiozko ezagutza lausotu eta itzal erazi, eni zoritxarreko honi bezalaxe... Denborari gehiago utzirik izan balitzait, dena ikasiko nuen atzera, haren arima erneak eni irakatsiz... baina beranduegi da, eta orain beldur naiz, ezin-gehiagoko beldurraz, ordua da delakotz heldu gure bien batasuna zulo beltz batean agian ondatuko baita, gure bien izana eta izanerekin batean-betikotz. Berdin izugarria, edo areago, osorik itzaltzen ez bagara ere baldin bi iratxo bezala egotekoak bagara betikotasunean, elkarrengandik betiko berezirik edo, sordeis, gehiago ez jakinik elkarren berri...

No hay comentarios:

Publicar un comentario