2010/04/21

30. Pasartea


Eta pentsatzea behin Theresa ere horrela bihurtuko zela, haur baten gorpu mendre, bere ahultasunean hain hunkigarria zenaren ordez, neska baten gorputz betegina eskainiko zuela haren soari, maitari basati eta arronten atseginetarako baizik egoki ez lizatekeena!... Are gorrotagarriago zitzaion Isabela, haurra geroan zer bilakatuko zen irudimenera zekarkiolako, eta eme-gorputz hori zigorrez eta ugalez zehatzeko nahikari bat ezin garaituzkoa senditzen zuen bere zainetan, zilar-bizizko uhin hotz bat bezala. Behin eginen al zuen. Orain aldiz, berak zuen gorputz ezain horren men-peko izan behar... Bere jantzia soinean gorde zuen, bainan zigarrilloa patxadan itzali eta punta hauts-ontzian lehertu ondoren, joan zen ohean etzatera, Isabelaren ondoan.
Alkoholaren gain Isabelak ezarriko al zuen haren gorputzaren sorgortasuna... Begiak selauara jasorik, uzten zuen emakume irritsua haragi zainildua laztan ziezon, bere buruari gogor eginaz andregaia saietsera ez bultzatzekotz. Goragale bat zuen. Isabelari zerion usain okaztagarria ahora zetorkion, haren biloetatik, haren besapetik, haren sabeletik gorpu hil baten usaina izan bailitzakeen. Eta egian zen hilik zegoela eme-gorputz hori, harentzat bederen, besteen artasun epelak desiragarri aurkitzen bazuten ere. Gogoratzen zitzaion nonbait irakurri izan zuen izu-ipuin bat... nola senar jeloskor batek bere emaztea hil eta honen ohaidea zurrunari bizirik esegi zuen, bekatuzki maite izan zuen haragiaren ustelduraz asebetetzeraino goza zedintzat. Hura ere epaiturik zegoen halako zurrun bati loturik bizi izatera handik aurrera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario