2010/04/21

83. Pasartea


Eguerdiko hamabiak ziren, baina ez zuten bazkaldu. Ez zuten elkar utzi nahi, ez minuta bat, ez sekonta batxo ere, arrats-alde eguzkitsu hartan etsetik azkenengo aldikotz elkarrekin aterako ziren ordura artean. Uste zuen Theresa konbentziturik —ailitz bera hala!— ezen, nahiz beldur lotsakor bat salatzen zuen oraindik haren soak, ez zirudien areago kezkaturik. Zentzu-bikotasun gabeko haurtasunaren zoriona eta saria!... Zihur-zihur zegoen neskatoa gaua erori baino lehen bata bestearekin egonen zirela, betikotz betikotasunerako, eragozpenik eta areriorik izanen ez zen atseden-leku loredun batean. Gizona beldur zen bai, beldur latzetan, harentzat egintza azkenean ametsaren senide izan zen mundu zahar honetatik alde egin beharrez. Otoi egin behar ote zuen? Zein jainkoari ordea?... Alferretan ez ahal ziren izanen balizkako jainkotasun bati zuzenduko zizkion otoitz erdi sinetsiak?... Hobe zuen Zoriaren meneko utz zezan bere burua — zoriona ala zorigaiztoa zatekeenetz ez zekien, Theresaren gidaritzapean izanen zela baizik. Bai, agintzen zion bere bihotzari, azkenengo egun horretan, neguko irribarre bat zerakuskion uda-egun horretan, Theresa izanen zuen gidari, zihurtasun baten jabe zirudien ezkero, lehen eta azken aldikotz —ala betikotz?— elkarrekin ibiliko ziren bide berrian gaindi. Lehenik, ordea, egiaztatu behar zion haur emeari osoro eta hura bakarrik nahi izan zuela, irudien ez-beharreko mundu honetarako ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario