2010/04/21

2. Pasartea


Gizonak gor egiten zion: zergatik lana arindu behar zion? Nork zizkion berari egitekoak arintzen? Besteen esanera gehiegi bizi izan zen orain artean eta ondikotz! oraindik ere besteek haren baitan jarritako itxaropenari amore ematera gertu zen, besteengatik sortutako bere buruaren aizun-irudiari uko ez egitearren. Zergatik ote? Ez koldar zelako, agian. Gizarteko eginbideak zituen eragile, pentsatzen zuen ironia mingar batekin, etxe-ondo zahar baten jabe ta leinu ohoragarri bateko seme denaren eginbideak... naiko lotsa-gai ematen zion bere leinuari, hogei eta hamar urteetara heldurik eta beti ere lan egin gabe bizi izanaz, gurasoek utzi zioten diru apurra janaz, haren senitarteko gizon langille, zintzoak, aberasten ari zirelarik! Ez zuen, ez, atzera egiterik, onbideratu behar zuen azkenekotz. Ai! haren egiazko nortasuna non zegoen, eta zer eskatzen zuen, baleki, edonori gogor egiteko lain izanen lizateke noski, edozer gertaturik ere, ezen hark ere sinesten zuen «hoben dela sehaskan dagoen inut-aurrari lepoa tinkatzea norberaren bihotzeko nahikari bakar bat itotzea baino»; oraindik ez zekien ordea zer nahi zuen haren bihotzak, bildur latz bat zedukan haren irriki zoroa arimaren egarria kentzaile izan behar zitzaion ur garden ozpila, itur-buruan agortuko zitzaiola, esteta baten solas alferra baizik izan ez zelako hasieran. Hasieratik jakin balu egiati izaten.Txinpartak ke-bidean gora jauzten ziren, sorgin ongile batek deituriko pamerial alaiak irudi. Gizonak inguratu zituen begiak leihotik suaren aldera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario