2010/04/21

75. Pasartea


Izugarrizko erantzupena Theresaren aldera! Ba zekien haurra edonora jarraikiko zitzaiola, eta lotsa zen hala ere holako eskaera bat hari egiteko. Ezin uler zezakeen Theresak... Ala bai? «besteak bezalako» neskato bat ez zen ezkero bere etseko andretzat hartu zuen egunetik... Zindoki azalduko zion guztia; bere zalantzarik, eta lotsatik, eta damutik, bere beldurretik deus ez zion ezkutatuko. Ulertuko ahal zuen. Baina ez oraindik, zeruarren, ez gaur! Biharko utziko zuen, errukiz aurrenekoak bezalako gau bat izan zedintzat gaurkoa...
Theresa eskolatik etorri zenean, gogor egin zion bere buruari betiko aurpegia haurrari erakustekotz; nola ere baitzen, barruko urduritasuna ezkutatu zion, usatu sukarrarekin jai egiten ziolarik. Zerbait gertatu zela susmatu ote zukeen neskatoak ematen zizkion musuen zorotasun etsituagatik? Jakinen zuen edan zuela, eta kezkaturik egonen zen. Zerbait susmatzen zuenik ez zuen deus irudi-erazi ordea... Neskameari kanpoa eman ziola esan zionean, haurrak ez zuen horren zioa galdegin, eta agiri zen otseinaren joateak atsegiten ziola; gaisoak uste zukeen hura bere neskametxo bakartzat edukitzekotz bidali zuela atsoa! eta negarrak zetozkion begietara ba zekusalarik nola serioski, nola grazioski haurrak janariak zerbitzatzen zizkion afariaren artean. Ba ahal zitekeen handik hamar egunen bururako ez zirela areago sala horretan izanen, biak elkarrekin elkarren bizirako? Baina ez zen ihesbiderik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario