2010/04/21

38. Pasartea


Dena dela, pentsatzen zuen, haurra eskolara joatera uzten bazuen hasieran, bizitza berriarekiko problema behinenak zuzendu artean, bere eskumenean edukiko zuen beti; eskolatik kanpo ez zuen Theresak aita besoetakoaz beste inor ikusiko, ez bere adineko lagunik, are gutiago jende adinekorik, irakasle ala ahaide ala beste nor-nahi... Isabelaren gogorapenak bezperako gertakizunak berpiztu zizkion: eme gaitzetsi haren hasarre-aldia ba zekusan berriz, haren humilazioa, haren oinazea biluzik eta odoldurik ohe-gainean zetzalarik — eta atsegin gozo batek betatzen zion bihotza oroitzen ari zelarik. Gero Theresa ikusten zuen, ihes, negarra zeriola, bere haur-etsipen ezin kontsolatuari osoki emana, parke iluneko bide-zigorretan zeihar — eta orduan ezagutu zuen bildur izugarria gogoratuz, berriz ere latz bat bizkar-ezurrean iragaten zitzaion — eta azkenekotz bere poza parkeko etxolan haurra atzeman zuelarik, bere poz ero bazterrik gabekoa... Baina Theresa, oihu egiten zion bere bihotzean, ez al hekien, itsasoari buruz hindoalarik, hire eta emakumearen artean hi hindudala hautetsiko? Berak ere ordea sinetsiko al zuen, aurreko goizean bertan, horretarako aski bihoztoi izanen zenik? Eta azkenaz beste, hain errazki jazo zen guztia non beldur berri bat hasten baitzitzaion bihotzari ausikika... Lortu zuen zorionak ezin iraun zezakeela, egin zuen ametsa ezin bihur zitekeela egia. Besteek ez zioten zorion hauskor hori hautsi gaberik utziko, edozein bidez eragotziko zioten — ahal ba zuten behintzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario