2010/04/21

89. Pasartea


Theresa uretan hamildu zen. Olatuek haren ikusmenetik kendu zuten baikoz, orroa bat egotzi zuen gizonak... ez horrelakorik, harren itsasoko jainkoa, jainko anker hori!... hainbat dituk heure azalean ontziak, eta marinelak, eta gal-zorian dauden bizi alferrak... horiek jo itzak, arren, baldin hil-opariak nahi ba dituk, ez ene Theresa!... Eta bihotzaren oinaze izugarriaz, bet-betan, alkoholak eta eguzkiak sorturiko mozkortasunak alde egin zion... Gizagaindiko indarka egiten zuen Theresa hondatu zen gunera heltzekotz... ez zen gehiago mozkor, baina beranduegi zen... Ez! olatu haundiek atzera egin zuten, eta neskatoa berriz ere agertu zen itsasoaren azalean; oraindik begiratzen zion aita besoetakoari irribarre batekin, baina ez zituen lohadarrak areago mugitzen, haren gorputxoa ezindurik. Azkenekotz, pozezko negarrak zerizkiola, harenganaino iritxi zen gizona, beso bat ezarri zuen estuki haren gerriaren inguruan, eta doi-doi ur-gainean egoteko mugimenduak egiten zituela, egon zen horrela-harnasa hartzn deus esateko edo pentsatzeko ez gai. Mintzatzeko ahalmena itzuli zitzaionean oihu egun zion, kostaren aldera atzera zeramalarik: «Ez, Theresa, ez gaitezen horrela hil gizatzarren gatik! Ez dinat nahi hil hadin, neurekin gorde nahi haut jende guztiengatik ere... Ihes eginen zienagu, gaur bertan ihes eginen dinagu norabait hala non herri honetatik inork ez baitu jakinen non izanen garen, inor ez baita etorri ahal izanen elkarrengandik gure bereztera... O Theresa, dei egin zion belarrira, harnasa berriz ere hartu ondoren, maite haut! Beste gizonek beren emaztea maite duten bezala, eta gehiago, eta hobekiago maite haut, Theresa, eta be zekinat hik ere maite naunala, ez dinagu beraz hil beharrik, ez dinagu hil behar...

No hay comentarios:

Publicar un comentario