2010/04/21

51. Pasartea


Alabaina, Theresarekin iragaten zituen egunak aurrera zoazela, gogoz aldatu zen. Alaba besoetakoa etseko andretzat hartu zuenean, nahi izan zituen ordura arteinoko ezagunak oro ahaztu, bere zorion berria eragozpenik gabe gozatu ahal izatekotz. Orain aldiz, nabaitzen zuen ezin garaituzko nahikari bat, bazedukan beharrune bat zorion ozar hori delako ezagunei —ahaide, adiskide edo edozein laguni— erakustekotz, begien aurrean jartzekotz. Mendeka-egarria zen ote, eta ergelak eskandalizatzeko irrikia? Ba zitekeen, baina bai eta beste sentimendu lausoago bat, berak ere oraindik garbi ulertzen ez zuena. Mundu orok behar zuen haren eta Theresaren zorionaren berri jakin... beharbada mundu hain ikol horretan, ba zen norbait berri horren haiduru... Eskolatik landa etsera itzuli baino lehen, hasi zen Theresa te-etxe edo ostaturen batera eramaten, edo-ta, zenbait aldiz, afaria jatetse batean egiten zuten, gizonak han bere ohikoezagunetatik bat edo beste aurkituko zuelakotan. Hala egitzen zenean, lehen bezain gizabidetsukiro agurtzen zuen — ez zion elerik esaten ordea, eta berehala Theresarekin jartzen zen mahai baztertu batean. Irri gozorik egiten zuen bere baitan bestearen aurpegi bitxiari eta jenadurari ohartuz, agurra bihurtzen ziolarik; baina laster, Theresarekiko elkar-izketak, edo gehienetan elkarrekin isil egoteak, kanpoko mundu hori ahatz-erazten zion, eta berriz ere biak baizik ez ziren gelditzen, arrotz batzuren artean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario