2010/04/21

48. Pasartea


Baina handik ordubete baten buruko gelara igan zenean, argia itzalirik zegoen eta Theresak lokarturik zirudien. Hotsik egin gabe erantzi zituen soinekoak eta ohean sartu zen haurraren ondoan. Ohe-buruko argia pizturik utzi zuen; Theresa ez zen lo: beldurti eta amultsu batean zen so bat eman zion, baina hark «Gau on, Theresa», esan zion «lo egin, nik irakurri behar dinat apur bat» eta besoa haurraren lepo-inguruan ezartzen zuela, liburu bat hartu zuen. Bera lo egitera gertu izan zenean, ez zion musu bat ezpainetan baino beste laztanik egin, eskuaz ez zuen hukitu; hala ere haurraren gorputzaren kontra-kontra estutu zen, gauerako. Horrela loak hartu zituen biak.
Biharamonean bertan, arrats-aldean eskolatik etorri zenean, hasi zen Theresari lezio ematen bibliotekako baketasunean. Esan gabe doa ez zituela eskolako programak kontuan hartzen, berak nahi zuena baizik ez baitzion erakutsiko, eta nahi zuen erara, hala non Theresaren adimenak ere harengandik baizik ez zezan ezaguerarik ukan, harenganako baizik ez zedin moldaturik izan. Jakina, hamaika urteko neskato baten endeleguak ulertu ohi duena baino askoz sakonago, askoz ulergaitzago zen irakasten zion jakintza... Behar zuen haur-endelegu malgu hori emeki poliki bere galgara eraiki haren nortasunekikoak oro ezagutzeko gai izan zedin Theresa. Baina hasieratik erakutsi zuen honek, orain artean hain eskolersa alfer eta zabarra izanarren, bere gogo guztia ematen zuela aita besoetakoak gura zuen legez ikasteko eta ulertzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario