2010/04/21

77. Pasartea


Lehen aldikotz zen hori egitera menturatzen besteak agindu gaberik, eta halako eztitasuna zedukan haur gozoaren eskutxoak hala non gizonak, bere gogoari bortxa eginik, ohildu nahi izan zituen beregandik gogapen beltzak oro senditzen zuen esker-on hitzez ezin esanezkoa Theresari ager-eraz ahal ziezontzat. Ahaztu nekeak, bai, ereti bakar batentzat baizik izanen ez bada ere — betikotasunaren zati bat izanen den ereti batentzat...
Bere izate guztia eskeintzen zion Theresari, aurpegia otoitz isil batekin hari buruz jasorik; bera zen guztia ematen zion haren esku samurraren laztanari, haren aho freskoaren musuari bere zoart-intzaz eztitzen zuelarik haurrak gizonaren agortasun sukartsua; eta Theresari esker, aita besoetakoaren kezkaren berri ez zekien Theresa xikiari esker, bakea etorri zitzaion azkenekotz... Haurra haiduru zatekeen zerbait esanen ziola, baina, haren samurtasunak bentzuturik, ezin hitzegin zezakeen; eta neskatoak irribarre lotsatu batekin begiratzen ziolarik isilik, sentitzen zuen bere soa bustitzen, bihotz — eta gorputz-hukidura kausa zela, ezin bestez. Beldura agertu zan Theresaren aurpegian; «Zer dun?» galdegin zion, ahapeka; eta berriro, hura mintzatu gabe egoten zelakotz, botza ikaratan: «Zer da?» Ene gaixoa, aski laster jakingo dun! pentsatu zuen, bihar artean behintzat kezkarik gabe nagoke... eta erantzun zion: «Ezer ez dun, Theresa, ezer ez... Lo egin...». Noski ez zuen eginen, aita besoetakoaren egoerak sor-erazi zion kezkagatik honek ez balu bere aldiz haurraren gorputz xiki malgu hura oro luzaro eta sakonki gerekatu, hala non azkenean nekadura hutsaz loak hartu baitzuen neskatoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario