2010/04/21

64. Pasartea


Astean bi edo hiru bider ateratzen zen haurrarekin. Jatetseetan afaltzen zuten, eta handik landa, zinemara edo teatrora eramaten zuen, haren ezagunetatik batek edo bestek elkarrekin ikusiko zituelakotan. Ikuskizuna jendeen eraikigarri izanen ahal zen... Edo-ta zenbait aldiz arratsa iragaten zuten parkeren batean, aulki batean jarririk, elkar maite omen duten neska-mutil eta eztkongai-bikoen artean. Besteen presentzia higuingarriegi egiten zitzaionean gizonari, Theresa estutzen zuen bularraren kontra zoratu batek bezala, laztantzen zuen inor ohar lekien ajolarik gabe, eta berehala joaten ziren biak, giza-saldotik urruti, bien bakartasunera.
Gizonaren adiskide ohikoetatik batxok ere ez zuen orain haren etserako bidea hartzen; eta haiekin buruz buru egiten zuenean, gauaz Theresarekin zebilelarik, berak deus agitu ez balitz bezala agurtzen bazituen ere, haiek ez ikusiarena egiten zuten orain. Baina Theresaren portreta egin zuen pintorea lauzpabost aldiz izan zitzaien etsean, afal-ondoetan. Lehengo aldian, zalantzan zegoen oraindik gizona, eta ez zuten antzeaz eta literaturaz beste hizketarik izan. Halarik ere, iker eta iker, konfidantza hartu zuen besteak ez zuela gibel-asmorik eta hurrengo aldian lasaiago egon ziren elkarrekin. Hitz hartu zuten udako bakantzetatik landa haien bien portreta pintatuko zuela antzelariak... Behin afaritara ere gomitatu zuen etseko jaunak — egun hartan, ordea, neskame zaharrak zuen otordua zerbitzatu, ez Theresak...

No hay comentarios:

Publicar un comentario