2010/04/21

50. Pasartea


Ez zuen barkatu beharrik, aita besoetakoari xarmagarriago baizik ez zitzaion, Bergsonen araura, haurtasunaren liluretatiko bat den «agintzaz beteriko zalantza» horren gatik. Eta ez zuen beldur izan beharrik... haur izatetik eramanen zuen hark, ez emakumetasunera, baina urteak ukatzen zituen izatasun bakoitz batera, tesoro berriak eta inork inoiz ez ezagutuak eskainiko baitzizkion.
Egun oroz eskolara joan beharrak haurra haren agerretik kentzen zuelako atsekabea geroago eta nekezago jasaten zuen gizonak. Erabaki zuen lehen baino lehen neurriak hartuko zituela beti berarekin, etsean egon-eraztekotz... Bitartean, hura gabe ahal bezain denbora guti iragateagatik, hartu zuen ohitura egunero haren bila joateko eskolaraino. Goizikegi heldu ohi zen ikas-etsera, eta ekurugaitz igurikitzen zuen sei orduak artean, hura bezala haiduru ziren guraso eta neskameen saldotik bazter. Theresa eskolako atarian agertu orduko, hurbiltzen zitzaion berehala eta, besoa neskatoaren gerrian emanik, arin eramaten zuen jende horietatik ihes. Behin baino gehiagotan, halarik ere, konturatu ahal izan zen begirada bitxiak egozten zizkiela gurasoetatik batek edo bestek, biak horrela joaten zirelarik, bata besteari lotuta. Ez zitzaion ajola. Eskolako maisuetariko batek zerbait ikasiko ote zuen behin, eta Theresari zer-edo-zer esanen edo irudi-eraziko ote zion? Gogorapen horrek ere ez zuen artegatzen; izatekotz, bera-gisako atsegin bat zemakion... Zer nahi zela, jakinen zuen nola erantzun hori gertatuko balitz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario