2010/04/21

34. Pasartea


«Jainko onak makurretik zain nazala! hi bezalako emazte bat izatetik alegia» ihardetsi zion Isabelaren otoitzari.Gehiegi zatekeen... Odol-otz guztia galdurik, eskumuturrak borobilduz, andregai izandakoak garraisia egin zion: «Urdea!» baina barrez hartu zuen orain hori.
—«Bai, urde bat haiz hi, eta hire alaba besoetako bikaina...».
—«Isabela, kontuz!» esan zion mehatxuz, eseri zen kadiratik zutitzen zelarik. Bainan besteak, zuhurtzia oro utzirik, jarraitu zuen:
—«Bai, ba duk aspaldi ohartu natzaiola zuen elkarrekilakoari... hala ere ez nien sinetsiko horretara helduko hintzela, jende guztien irri-gai eta hire etsekoen lotsa-gai izatera, urdanga xiki hori dela kausa!».
Jauzi batez haren gainean izan zen. Hitz batxo emakume hamorratuari esan gabe, belar-ondoko bat eman zion matrailatik behera, hala ukaldiaren indarraz haren buruak paretari kontra eman zuen; eta orroaka hasi zen Isabela mina, lotsa eta hasarreagatik. Baina ez zion kasu egiten haren zaratari... berriz ere beste belar-ondoko bat eman zion, eta oraindik beste bat... Isabela hasi zen sudurretik odol isurtzen. Zurratuz hilen zuen gizonak, bet-betan gogorapen izugarri bat otu ez balitzaio. Non zegoen Theresa, nora joan zen ihes Isabelak hain garrazki ezetsi zionean? Etsiturik, lotsaz hilik, pentsa zertara gertu zatekeen neskato gaixoa... eta barruko kezka hilgarriak zeragiola, gelatik atera zen lasterka so bakar bat emateke ohe-gainean intzirika, gorputza umeldurik eta aurpegia odoletan zetzan emakumeari. Eskalleran gurutzatu zen iskanbilak izuturik goiti zetorren neskamearekin — ez zuen uste kanpotik sartua zenik eta haien liskarra entzun behar zuenik, baina ez zuen ardurarik...

No hay comentarios:

Publicar un comentario