2010/04/21

82. Pasartea


Baina batak bestea areago ez ezaguturik ere, bata bestearenganako irrika lauso bat, orduan ere inork ez ulertua, geldituko zaigu beti, ez da, Theresa, ez da?... Baina oi! egia ba da bi iretxo berezi ez garela ere izanen, arima-molekula barregarri bi baizik, bi arima-zati arimaz gabeturik geuri ez doakigun batasun alfer eta anker batean galduko direnak?... Ene jainko zaharren aldareak zutik balira oraindik ez nuke beldurrikan, aspaldion pozik joana nintzateke Theresarekin batean gaiztoek eta xarrek ahatz-erazi, gezurtatu nahi daukuten Gazteen Lur irrikatu hartara... Ezina zen... ez ziezakeon ezerk, ez Oro zen Ezerk ez eta ezer-ezak ere, Theresa ken betikotz, jainko zaharren arnegatzaile zirn gizon eta emakumezkoek hori ezin lortu bazuten. Zer zen haren adimen ergel hori, zer ziren bihotza ausikitzen zioten duda ergelok?... Guztiaren azalpena izan behar zen nonbait, zorion guztizkoaren giltzekin batean Theresak eta elkarrekin edirenen zituztenak! Bestela deus ezin izan zitekeen, deus ez zen sekula izan: ez Theresarekikorik, ez haren hori-izaterik itsas-bazterreko herrialde zahar hortan, ez itsasorik, ez herririk, ez mundurik; inon, inoiz, inor, ezer ez zen izan. Malkoek ez ahal dute, ordea, ez-izatea ukatzen? «Oi! Theresa», deiadar egin zion nigarrez zoroturik, «ez ezan kezkarik ukan batere, beti elkarrekin izanen gaitun bai biok, beti!».

No hay comentarios:

Publicar un comentario