2010/04/21

18. Pasartea


Gau hartan ez zuen begirik itxi. Nola galduko zituen lotan haurraren irudiaz oraituz iragan zitzakeen ordu prezios hek? Hura lo zegoen noski dagoneko —hain zen gaztea eta...— baina ez zuen dudarik leku bat gorde ziola bere haur-amets garbietan. Gau-erdiko isiltasun hiztunean, gauko ilunpe izarniatuan, gogoratzen zituen gizonak alaba besoetakoaren gorputz xikiaren atal guztiak, ikusten zituen berriz ere haren aurpegi-marra finak, haren ile-motots leporaino eroria, ezti bat ahorako, urre dirdaitsu bero bat eskurako, eta haren larru malgu epela hain laztangarria; berriz ere entzuten zituen belarrietan besoetan zedukalarik neskatoak esan zizkionak oro, bere botz ikara, hukigarrian. Eta nahia oro tinkaturik hartara ematen zuen Theresak ere hura ikus zezan bere lotan, eta entzun zezan bere ametsetan hark esatera ausartu ez zitzaiona.
Bihotza dantzan zedukan, biharamon goizean jaiki zenean. Kantatzez jantzi zen eta salara jautsi.Theresak ez zuen eskolarik egun hartan; bere aulkion eseri zen, haren haiduru. Laster etorriko ahal zen. Gosaria ekarri zion neskameari agurra otzanki bihurtu zion; edonori barkatzeko gertu zen halako arrats bati zerraikion egunean. Egia zen itzal batek iluntzen zuela haren poza, oroitzen zelarik egun hartako arrats-aldean emaztegaiarekin izan behar zuten elkar-ikustaldiaz — baina ez zituen susmo xarrak utzi nahi bihotzeko oskarbia nahastera. Jakinen zuen Isabela konbentzitzen haurra betikotz harekin egoteko zela, ezkontzak ezin alda zezakeela ezer ez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario