2010/04/21

44. Pasartea


Bazkaria zerbitzatzera neskamea etorri zenean, horrela atzeman zituen, bata besteari lotuak biak, eta ez zioten kasu egiten hor izan ez balitz baino gehiago. Nekez berezi ziren elkarrengandik bazkaltzera joateko, eta nardatuarena egiten zuen atsoak haien aurretik iragaten zen bakoitzean. Zoritxarrez, bai, Isabelak ere ez zituen ikusten — baina haien bizitza berriaren jakinean ezarriko ahal zuen neskameak...
Bazkaldu arteraino itxaron zuen Theresari gaztegatzekotz arrats-aldean ez zela eskolara joanen. Pozik neskatoa... eta erpai aita besoetakoak zer erabaki zuen haren aldera jakitekotz. Baina ez zuen lehiaka iharduki nahi, nahi zion egun hartako gertakizun bakoitzari solemnitate bat erantsi hala non haurraren oroimenean betiko irarrita egon zedin. Otseinak mahaia eraiki eta salan bakarrik utzi zituenean, radioa entzuten egon ziren, haurra bere kadiran deus egin edo esan gabe, gizona salaren bestaldean, leiho-aitzinean zutik. Hartatik landa, bai baitzekien neskatoak musika-zati hori ezagutzen zuela, joan zen disko-inguratzailearen bila eta Beethoven'en «A Thérèsse» sonata iragan erazi zuen — ironia pitin batekin beraren sentimentalitatearen aldera... Baina ez zuen lotsarik. Haurrak adituko zuen orain eginen zituenak oro bene-benetan zirela haien bien bizitza guztirako asmatu zituela.
Goganbeharturik zegoen, jokabide bat ediren beharrez haurrari beldurrik ez lotsarik ez emateko. Adituko zuen ordea... Behingoan hurbildu zitzaion eta, eskutik hartuta, salatik kanpora eraman zuen. Ezer galdegin gabe jarraiki zitzaion Theresa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario