2010/04/21

4. Pasartea


Gizonak, Theresari begira zegokiolarik, bere herri-minaren jaioterri hura zekusan barruko begiekin, eta bere amets ezin esanezkoari hegoak aske uzten zizkion Sartaldeko uharte dohatsu haietaraino eraman zezan, Gazteen Lur ezkutatu hartaraino. Zoritxarrez! irudimenaren solas bat zen hori, soilki, bai baitzekien harentzat ametsa sekula ez zela egintzaren senide izanen... Zenbat aldiz azken egun horietan, kirestasunez beterik ezinagoan, amets zoroari uko egitera ez zen saiatu, lehenagoko gizona izan ledintzat berriz ere, jendeekin jendakin, gizartean gizabidetsuki zebilen gizona, erdeinu apur bat doi-doi erakutsiz. Bere irrikiari amore emanaz, ba zekien bere hondamendira lihoakela, bere erruz, hala ziotson gizarteko eginbideak bederen. Eta alaitasun gabeko irri bat zuen bere gogoan: eginbideari hain jarraikia zen gizarte hortan, haren ezagun, adiskide eta ahaideen artean, ba ote zen haren kezka ta grina berak ezagutu zituenik? Bai noski, bat edo beste izan bide da, pentsatzen zuen, beharbada gutxien susma ditekeen gizon zintzo, zindo, jainkotiar bat, baina delakoak bere buruari gogor egin dio, bestela ez luke orain gora edukiko, eta inork ez lioke begirunez begiratuko. Hurrengoan ordea zuhurtasun horren zorakeriak, esan-delako gogo-indar hori egiaz den koldarkeriak hamorratzen eta naska erazten zuen. Ez! gizartean bere toki txikia gordetzeagatik batek edo bestek zer-nahi eginik ere, hura ez zen giza-saldoaren aitzin-eritzietara makurtuko... Zoritxarrekoak, bere bihotzeko nahikari zindoa zapaldu badute besteak bezalako ez ziren hautetsi haiek! Ala hura baizik ez zen inoiz izan besteok ez bezela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario