2010/04/21

3. Pasartea


Sutondoan, zitzailuan jarririk zegoen Theresa, eta garrek haren itzal lerdena dantza erazten zuten ormaren gainean. Irakurtzen ari zen, ahoa erdi-zabalik eta begiak liburutik hurbilegi, haur gazteek ohi dutenaz. Noizetik noizera, xinpart batek besteak baino biziago urrez erraustatzen zituen haren ile-xorta barneko ilun-nabarrean gorrizka agiri zirenak, eta noizetik noizera, gar luzeago batek haren aztal eztia mihazkatuz, aldera inguratzen zen hats-behera ito batekin. Ba zirudien bere gogoa oro irakurtzen ari zen liburu lodi, azal gorrikoan zedukala, baina gizonak begiratzen ziolarik, begiak eraiki zituen haurrak eta so egin zion aita besoetakoari irribarre herabeti batekin. Irribarrea bihurtu zion gizonak, ez zen ordea deusen esatera ausartu, eta Theresak bere liburua hartu eta berriz ere irakurtzeari lotu zitzaion, matrailak piska bat gorriturik, suaren beroaz agian.
Elkarri so egon ziren ereti labur hartan, haurraren begi nabar zoargiak harenei erantsiak gelditu zitzaizkien betikotasunaren momento hartan, zer esan, zer adi-eraz zezakeen? Gorputza ikara zedukala eta sutan gogoa, ez egurrezko su alaiaren garrez baina izaerazko suaz, lurra, haizea eta ura antzaldatzen eta moldatzen dituena — haragia den lurra, gogoa den haizea eta arima den ura...Ur zabal bat, itsas-ontzi batzu tesoroa kargatuak haren gainean baitabiltza, Sartalde herrimin-pizle batetik etorriak; Bizantziako urre ta zilar guztiak baino dirdaitsuago, Ispahango lore guztiak baino usaindunago diren tesorooz zamatuak...

No hay comentarios:

Publicar un comentario