2010/04/21

8. Pasartea


Mutil zelarik, biziak zarakuskion gaitz-itxaropena uxatzeagatik hasi zen edaten, gurasoen eta lagunen isilean; gizon-adinera heldu zenean, eta haren kezka eta bildurrak egiaztaturik izan zirenean, bere zorion ilortuen intziriak, bere atsegin okaztagarrien oroipenak ohiltzeagatik edaten jarraiki zen, edonoren agerrean. Orain aldiz, alkohola izan behar zuen berriz ere lagunik onena, lagun bakarra herioraino ibiliko zen ukatzearen bide horretan. Damu zuen hainbat urtetan aldera utzi izan zuelakotz halako lagun bikain bat, bizi berri baten gezurrezko agintza eta hitz-emateek ergelki liluraturik, eta zin egin zion bere bihotzari sekula ez ziola areago uko eginen edanari, ez eta ezkondu ondoren ere. Are gutxiago ezkondu ondoren... Bitartean, biharamoneko goizera arte eramanen zuen vodkak, harbitxizko jauregi dorredun bat haren inguruan eraikiz, hartan jaun eta jabe eskubide osokoa izanen baitzen, jendeen zintzotasun ankerretik sendoki zaindua. Goizera dinokoan... baina goiz-sentiak, hiltzera dihoazenen aurpegi zurbilak azken aldikotz argitzen dituztenetakoa izanen zen goiz arreak, lurtara eraziko zion dorre zaindaria...
Bet-betan bere baitaratu zen. Theresa jaikitzen zen, ohera joateko. Arratsero egin ohi zuenaz etorri zitzaion agurtzera, aita besoetakoak musu bat eman ziezon bekokian. Baina isilik egon zen haurra, eta berak ere eztarria tinkaturikegi zedukan zerbait esan ahal izateko. Hala ere, salatik ateratzera zelarik neskatoa, agindu zion, bere botzaren ikara ta erruduntasun-kutsua ezin ezkutatuz: «Ez ahatz hire sendagailua hartzen». Buruaz hartuko zuelakoa egin zuen Theresak, eta eskaleran goiti abiatu zen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario