2010/04/21

79. Pasartea


Behar zitzaion haurrari mintzatu. Ez zuen bihotzik. Edatera joan zen sukaldera — eta hogendun nabaitzen zuen bere burua, ez gaur mozkorti batek bezala edanen zuelako lotsarengantik noski, bai baitzekien Rusia guztietako vodka guztiak ez zizkiola zentzuak sorgortuko, ez bihotza lasaituko... baina haurrak deus ez zuelako izanen, hark, bere bidean lagungarri, aita besoetakoaren laguntzaz, besterik. Agian oraindanik konfidantza emanen zion Theresari... Iguriki zuen edaria has zekion gogoan su egiten eta esan zuen: «Hator hona, enetxoa!» Magalean hartu zuen, eta biloak amultsuki ferekatzen zizkiolarik begiak negarrez betatzen zitzaizkion ezin bestez. Theresak harriturik eta izuturik so egin zion. «Theresa, asi zen berriz, nahi haute enegandik urrundu, nahi gaitinate biok elkarrengandik berezi!...».
—«Ez nauk joanen!» oihu egin zuen Theresak bere bihotzaren barrutik, «Ez nauk utziko, ez da?» eta tinko tinko estutzen zen haurra haren bularraren kontra, negarrez hasten zelarik bera ere. Beldur ote zen joatera utziko zuela hark?... Ez, Theresa, ba dakin nonbait, hire arimak ba zekin ezin utz hazakedala inoiz! pentsatzen zuen sendoki, hitzik esan gabe jo zezan ezaguera horrek Theresaren oharmena, hitzak ilaunegi ziren-eta.
—«Ez, Theresa, esan zion, ez haut utziko joaten... baina hamar egunen buruan hona etorriko ditun jende gaiztoak, eta eraman nahi izanen haute urruti, betikotz... indarrarekin etorriko ditun, eta neuk ez dudala zuzenik hire gordetzeko zionate... O Theresa, zer eginen dugu?».

No hay comentarios:

Publicar un comentario