2010/04/21

74. Pasartea


Indar-erakusketa horrek on egin zion gizonari. Baina vodkaren eragina ahulduz zoan araura bihotzeko kezka berriz ere nagusitzen zitzaion — inoiz baino izugarriagoa. Egia esan zuen gusuak: bene-benetan nahi zioten, hark eta beste guztiek, alaba besoetakoa kendu, betiko — edo beranduegi lizaketeneko. Gorrotoz eta izotzez beteriko mundu batean galdurik zeuden biak; oro etsai zituzten, inoren aldera ezin ingura zitezkeen kontsolamendu bila, salbakuntzaren bila... Inoren aldera ezin ingura, inorengandik ez zitzaien lagunzarik helduko; ez ele adiskidetsu baten hotsa edo begi ulertzaile baten soa lizatekeen laguntza ere... Ala norbaitengandik ote?... azkeneko asteotan haien etseko ikustzaila bakarra izan zen pintorearen gogorapenak jo zuen... ez zen adiskide bat ordea, oztan ezagun bat — zergatik harengana joan behar zuen? Eta zertara? Ba zekien bestea ez zatekeela gai den gutien laguntzarik haie emateko, hek bezain ahalmen-gabea baitzen jende zuzenen indarkeriaren aurrean; eta ba zekien antzelaria ez zela erruki ergelik erakusteko gizon bat — bera ere errukirik onartzeko gizona ez zen bezala. Ez zuen balio...
Etsipena nagusitzenago zitzaion memento oroz. Mozkorra joanik zuen, baina ez zuen balio gehiago edan zezan. Ez orain behintzat. Orasteango mozkorraldiaren erdian etorri zitzaion asmo hark erroak hartu zituen haren gogoan, ordea. Beldurgarria zen bai, baina ez zen beste ihesbiderik... Ez zen! ziotsan adimenak, alde orotara bilatu eta ikertu ondoren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario