2010/04/21

88. Pasartea


Alegintzen zen haurra joatera ez uztekotz, eta haren beso zurrunduak estuki eusten zion oraindik, etsituki, Theresaren gerriari... Ezer ez zuen areago gogoan zilarrezko irraida hura baizik; halarik ere, olde lauso bati jarraikiz, gogor egiten zuen, besoak eta ankak nekez zerabilzkiela, kostari hurbil egotekotz; baina haurrak zabalerarantz ba zeraman, geroago eta urrutirago... Ez zen ontzi bat agiri zabalera horretan guztian, ez argi-dorre bat, ez arkai batxo ere... Noraino joan beharko ote zuten, eta noiz arteraino? Oi! Theresa, pentsatzen zuen, ez haren gogoak, haren gorputz nekatu osoak baizik, oraindik minuta bat bizi haizen enekin, oraindik sekonta zenbait soilki, eta hire tirriari amore emanen zionat gero... Zer zain momento kaskar bat betikotasun guztiaren aldean?... Baina ez zitzaion deus esatera ausart... Nekaduraren haundiegiaz nahi-eta-nahi-ez haren besoak itzurtzera utzi zuenean, undina bat bezala abiatu zen Theresa, olatuen oldarrak eramana, itsas-beteari buruz. Moldegaizki saiatzen zen aita besoetakoak irakatsi zion antzora soin-adarrak higitzen, eta denbora apur batean itsasoak atxiki zuen bere gainean, ur-lili zuri zabaldu bat izan bailitzakeen. Gizonari so egiten zion, hain urrundik jadanik! eta haren begitarteak beldur-antzik ez zekarren... Haurra begira zitzaiola, haren alderantz lehiatzen zen iherika... Zer gogortasuna, ordea, haren gorputz guztiarena!... Laster neke ororen atsedena irabaziko zuen gorputz makal horrek, otoi! Theresaren ganaino eraman ahal leza, biak lekarren besoetan ondatzekotz uhinen peko egoitza misteriosetara... Oraindik lau besokada... oraindik bia... harren, haren besoen indarrak iraun lezan hartara... harren, itsasoko jainko haundiak esker hori egin liezon... ez zuen Theresa hura baino lehen, hura gabe joatera utzi behar, otoi!...

No hay comentarios:

Publicar un comentario