2010/04/21

23. Pasartea


Ez zuen joko, ez, edo-ta, sekula egiten bazuen, haren negar gazien eztitasuna dastatzeagatik izanen zen bakarrik, bera izan zekiontzat gero kontsolagarria! Eta amaitu zuen bere esana: «baina ba dakin: ez haudala eginen, ez da?» eta Theresaren begiak, hezerik agiri zirenak, idortu ziren behingoan, gizonak zutit-erazten eta beso bat gerri-inguruan ezartzen ziolarik. Bere gorputzari kontra estuturik, eta musuak ereinaz haren ile argietan, esan zion: «Lan egin dezanan nahi dinat ordea, andere bat oso eskolatua izan hadin nahi dinat, enekin egon behar bahaiz». Bai, hala izanen zela, hala eginen zuela zin egiten zion Theresak — zernahi eginen zuen etsean egoteagatik! «Eta hemendik aurrera, jarraitu zuen, neronek eskolatuko haut. Nahi dun?». Nola ez zuen nahi izanen... «Baina zer nahi dun irakats diezanadan? Esaidan». Haurrak ez zekien, baina irriz esan zion: «Nik ba zekinat zer irakatsiko daunadan: latina...» eta gaineratu zuen, Theresaren belarrira ahapeka: «Latinak ba din alde on bat: Isabelak higuin din, nahiz ez duen hik baino gehiago susmatzen zen den ere. Eta biok bakarrik utziko gaitin noski, hartan ihardukiko dugularik!» Haurrak ere irri egin zuen, pozarren — zihur zen latina horrengatik ikasi nahi izanen zuela.
Ez zuten beste eskola aipurik izan. Minutak eta orduak aurrera zihoazkien, laster neskamea merkatutik itzuliko zen, bazkaltzeko tenorea izanen zuten sarri, eta bazkal-ondoan...

No hay comentarios:

Publicar un comentario