2010/04/21

29. Pasartea


Andereak ez zukeen horrelakorik itxaroten eta esker onezko begirada heze bat eman zion — zakur batena irudi norbaitek otapur bat botatzen dionean, pentsatu zuen sorbaldak eraikiz.
Isabelak ba zekikeen edanari emana zela, sekula ez baitzuen nekerik hartu bere joera «makurrak» inori ezkutatzekotz — bat ezik... Halarik ere begitartea zapuztu zitzaion senargaiak, atea itxi ta giltzatu ondoren, beste edozer baino lehen liburutegi baten barrutik pattar-botila bat hartu eta botilatik bertatik xurrut egin zuenean. Zergatik manerarik egin eme horren aurrean bere neskamearen aurrean egiten ez bazuen, ez ziren bata bestea baino ohoragarriago noski! Aski esker haundia egiten zion Isabelari bere burua salduz; amaiturik zeuden harekiko zaldunkeriak oro. Baina Isabelak ez zuen hitzik esan — nahiz iruditu zitzaion gizonari erdeinu bezalako zerbait erakutsi zuela haren aurpegiak; ala oker ote zegoen? Erdeinua erdeinuaren truk, kito gara... pentsatu zuen irribarre batekin, alkoholaren su ona haren gorputz guztian zabaltzen hasten zelarik. Su horrek, ordea, ezin urteraz zezakeen haren izotza. Beharrik Isabela ez da ezertzaz konturako, eskatzen zion Zoriari, amore eman diezadan Theresaren geroaren gainean. Edatetik landa, zigarrillo bat piztu zuen, lasaiki, andregaiari agintzen ziolarik soinekoak erantz zitzan. Pozik men egin zion emakumeak.
Ba zekien Isabelaren gorputz osoa biluzik ikusteak haren erdeinua, haren narda gehituko, ugarituko zituela ezinagoan, eta horixe zuen nahi. Begiak higuinez bazkatzen zituen andre gazteari begira bere larrugorrian, higuinez eta gorrotoz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario