2010/04/21

27. Pasartea


Susmo bat baizik ez zen, haren arimak zuen irriki bakarra, irriki mingarri, gozo eta herriminezko hura oraindik oharkabean baitzedukan... Baina arimari jakin izan balu nola galdegin, bere zorionerako, inoiz ez zen noski abiatu izan zen bidetik hasiko. Inoiz ez zen Isabelarik izanen. Bere gurasoak galdu ondoren itsas-bazterreko etxe zahar hartan hasi zenean bakarrik bizitzen, uko egin behar zion ordura artean ezagutu zuen mundu irudikor, azal-utsezko eta aspergarriari; jendeekilakoa utzita, bere bakartasunean iguriki behar zuen zeruak edo zoriak eskainiko zion abagunea —eta delako abagunerik sekula ez ba litzaio gertatu, hobe izanen zen bere heriotzaraino, edo bere buruaz beste eginen zuen eguneraino, bere amets gurenarekin bizi izan balitz, santutasunaren bila dabilen eremutar bat irudi. Koldar izan zen ordea, ez baitzion munduari uko egin nahi izan, bide erreza aukeratu zuen— zergatik, harren, zertarako? nahimenaren xarraz ala bihotzaren onegiaz, besteak-gatik ala bere buruaren bakerako? —eta abagunea etorri zenean, beranduegi zen; lotua zegoen dagoneko. Ez! beranduegi ez zen oraindik... andregaiari kanpoa eman behar zion Theresa haren etsean sartu zen egunetik, lehen sotik susmatu baitzuen gerorakoa, lehen alditik esan baitzion bihotzak... Baina oi! aste bat baino gehiago, lehengo gaua baino gehiago, zergatik egon ote zen Isabelarekin? Sensualitate izendun or-eme higuingarria izan zen kausa... Alabaina, oraindik agrada zitzaion orduan emakumearen gorputza, ez zituen haren gogoa eta bihotza baizik erdeinatzen...

No hay comentarios:

Publicar un comentario