2010/04/21

31. Pasartea


Baina ez gaur, harren, ez gaur! oihutzen zuen haren etsipenak... Ba zekusan Isabelak ez zela beste aldietan bezala; apur baten buruan utzi zuen eta, besoa haren lepoan emanaz, haren eskua bere sabelari kontra atxikiz, so egin zion zerbait galdetu nahi izan balio bezela. Eskerrik asko emeari, azkenekotz utzi baitzuen! Aske zuen eskuaz xukatu zuen bekokitik isurtzen zitzaion izerdia. Ikara zen. Egar-su zuen. Jaikitzera zoan garbitokira joateko godalet bat ur bila, baina Isabelak, aginduki, ez zedin mugi esan zion ahapeka. «Zer da?» galdegin zuen estonaturik. Isilik egoteko keinu bat eginaz, ohetik jautsi zen andere gaztea, gelako jantzi bat —gizonarena— soinean ezarri zuen berehala eta atera joan zen oin-puntetan. Beha egon zen hor, hotsik egiteke. Gizona ere jaiki zen, kezkaturik, eta Isabelaren ondora joan. Behingoan andereak giltza ingura eta atea ireki zuen: xiki, zurbil, goibelik, hor zegoen Theresa, kordoka jarririk atea ustekabean ireki ziotelako. «Zer ari haiz?» galdetu zion Isabelak, hasarreturik, besotik garrazki astintzen zuelarik — eta andregaia hiltzeko gogoa etorri zitzaion gizonari, hori egin zuelakotz. «Hoa hemendik hoa kanpora!» jarraitzen zuen Isabelak, eta bultzakada bat eman zion haurrari eskallerari buruz. Negarra begian zuela korrika joan zen Theresa, Isabelak bortizki atea ixten zuelarik. Ez zen berriz ohean etzan baina, haren ertzean jarririk, zigarrillo bat piztu zuen hasarrez oraindik ikara zituen eskuekin.
Gizona haren erasiaren haiduru zen, itxaropen oro galdurik sekula bere nahira erakarri ahal izanen zuela orain. Ez zuen luzaro iguriki.

No hay comentarios:

Publicar un comentario