2010/04/21

60. Pasartea


Halarik ere, gogoa susmoz beterik zedukan oraindik, eta azkenekotz agindu zion Theresari: «Esaion heure lagun horri lehen baino lehen ikusi nahi dudala haren anaia». Ondartzara heldu gabe itzuli ziren etsera egun hartan...
Biharamon arratsean bertan etorri zitzaion pintorea ikustera. Estonatu zen, mutil gazte bat igurikitzen zuelarik, antzelaria bere adintsuko gizon bat zela konturatzean. Gurbila eta gizalandua zirudien. Bihotzean haren aldera alatzen zituen mesfidantza eta susmoak ez zizkion hasieratik agertu nahi. Portreta zegokion bezala goraipatu ondoren, nahi izan zion diruz ordaindu; baina irri batekin ukatu zuen besteak, jadanik ordaindurik zegoela esanaz. Aita besoetakoak apaingarri edo liburu erosteko ematen zizkion xanponak baztertu eta, haiekin pintorearen lanegina pagatu zuen Theresak... Haurrak antzelaria ordaindu, eta honek lan-saria onartu zuela jakinik, barruko kezka arinduxe zitzaion gizonari. Neskameari dei egin zion —agindu zion Theresari lo-gelan egon zedin pintorea hor izanen zen artean— eta edariak ekar zietzen esan zion. Arrotzari edatera zerbitzatzen ziolarik, galdegin zion: «Ene alaba besoetakoa ezagutzen ahal duzu?».
—«Zurekin ikusi izan dizut bizpairu aldiz, eskolatik ilkitzean, arrebaren bila izan naizelarik».
—«Ederki pintatzen ikasi duzu, foto bakun bati jarraikiz holako lan bat egitekotan...».
—«Eskerrik asko. Zoritxarrez, antzelari baino antze-zale adituago nauzu... Neronek ikasi dizut piska bat, ez ogibide baina solas bezala bakarrik, eta gogoak hala ematen dautanean baizik ez dizut pintatzen. Baina...», eskaini zuen isilune labur baten ondotik, «nahi baduzu, zeu eta zure alaba besoetakoa elkarrekin pintatuko zaituet».

No hay comentarios:

Publicar un comentario