2010/04/21

43. Pasartea


Ezin esan ziezakeon behingoan deus ere, haren izena etenik gabe belarrira berresaten zion soilki — sinfoniak oro baino entzungarriago, jainko guztien izenak baino jauregarriago zen haren izena.
Azkenean mintzoa itzuli zitzaion — ez zekien ordea bere bihotzean bakarrik zenetz mintzo, ala haurraren belarrietara. Ez zuen muntarik, Theresak nola ere baitzen entzunen zuen eta. «O hire ezpainak, zion arimaren Ifar-aldeko elurretan erne diren bi gorosti-aleak, hire begiak, Theresa, hire begiok dire bi ifartar aintziretako ur gardenaren ondotik so zaidan irrikia, noiz bete ahal izateko gai izanen ote naiz? Hainbat egun, hainbat urte itxaron egin dudan hire freskura elurtsu hau... Baina elur horren pean dazagudan su isilak noiz behar nau erre, enetxoa, piztu behar ote dut gaur?»
«Nahi nikek beti horrela atxiki nenzaan», esan zion Theresak sumur batean, «nahi nikek hire belaunetan beti egon horrela...». Agiri zen hura ere mozkorturik zegoela, eta lehengo gurenda hori hain osoro eraman izan zuelakotz, bihotza pozez gainezka zedukan gizonak. «Ez haiz ene beldur, Theresa?» galdetu zion bere usatu botzarekin, baina haurrak burua erabakiro astindu zuen.
«Eta barkatzen dautan Isabela ezagutu dudalakotz, eta hemen izan delakotz?». Theresak ordea galdera horri. «Ez oraindik...» erantzun zion, baina haren irrinoak salatzen zion gizonari jadanik barkaturik zegoela... Zoritxarrez ez zituen Theresak orain ikusten, biak elkarren besoetan!

No hay comentarios:

Publicar un comentario