2010/04/21

26. Pasartea


Baina polita zen, naiko aberatsa, eta senitarte onekoa; eta behin, zoritxarreko gau batean, ezkontzeko hitza eman zioten elkarri... Berak hala nahi zuen, berak zituen lehengo urratsak egin bere zoritxarrerako bidean— eta zaldun batek ezin dezake bere hitza atzera har, emakume bati badio ere eman. Ala bai?
Ilea harro, begien ñirñira dirdaitsuegi, bularra jori, Isabela ez zen noski etorri ezkontzarako azken antolamenduez hitz egiteko soilki... Begiratzen ziolarik, zakur-eme bat orkara gogora-erazten zion senargaiari eta, nardaz beterik, soa inguratu zuen haren aldetik. Baina inondik ere ezin ziezakeon bere higuina erakuts irrikatzen zuena lortu nahi bazuen; zenbat kosta ere, sekula baino amultsuago agertu behar zitzaion gaur andregaiari, eta horrengatik, ahal zuen bezain otzanki erantzuten zion, Isabelak herriko esa-mesak kontatzen zizkiolarik, edo ajola-gabeturik uzten zuen baten edo besteren berri ematen ziolarik, edo-ta ezteietarako egin erazi zuen jantziarekiko albiristea jaulkitzen... Hain pairu haundikoa izan zitekeenik ez zuen esperantza, baina, zion bere baitan, ez-jakin noiz artera iraunen dautan, horrela luzaz jarraitzen badu eme ergel horrek!... Eta beraren hipokrisia hasten zitzaion barruan ausiki egiten ere... Beste biderik ez zegoen ordea.
Madarikatzen zuen Isabela ezagutu zuen aspaldiko egun hura, orain urtebete zela. Urtea ezagutzen zuela, bai, baina lehenbiziko gaua goizera heldu gabe ba zekien ez zuela harekin egon behar, ezin zitekeela neska apain dotore, adimen huts eta modari jarraitzaile harekin bizi izan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario