2010/04/21

94. Pasartea


Hiriko kaleetan gaindi ibilki horrela gora mintzo zela —bere buruarekin, uste zuen zoro bati bezala errukiz so egiten zioten pasaiariek... zoroak, hek ziren zoroak!— pintorearen etsera heldu zen. Sartu zen. Han zegoen antzelaria, haiduru noski. Ez zion hitzik esan — ez zuen esan izan beharrik: behingoan gizona hasi zen mintzatzen, eta jaulki zion beren maitasunaren historia guztia, deus isildu gabe... bere duda, eta gezur, eta ahulkerietatik batxo ere ezkutatzeke... baina bai eta Theresak nola barkatu zion ere, ez bazuen jakin besoetan gordetzen, eta nola haren begira zegoen orain Sartaldeko ur-jauregi irrikatuetan, beti haur, beti urre, beti elur izanen zen printzesa bat, loreen eta kristalezko abardun sagar-ondoen artean... Pintoreak liluraturik bezala entzuten zuen, eta azkenean, bere bien zoriona oro azaldurik joatekotz jaiki zenean, ez zion hitzegin ez deus besterik galdegin. Ba zekien orain. Etse-ateraino lagundu zuen; ez zuen besarkatu, ez zion bosteko bat ere eman, baina luzaro jarraiki zitzaizkion haren begiak, bestea itsasoaren aldera zoalarik.
Aldi hartan ez zuten gizonaren gorputza aurkitu, Theresa ito zen gunean luzaz bilaturik ere. Ergelak! engoiti urrutira ba zeraman Theresa eraman zuen uhin gora hark berak... urrutira, haien helmenaz bestaldera, haien munduaz bestaldean dagoen Gazteen Lurrera, han, undina eta itsas-nesken artean, igurikitzen baitzuen haurrak, bere gorputz eta arima berriz bateginen eskeintza hari egitera gerturik. Beti iraunen zuen eskaintza bat... Eta barregarri iruditzen zitzaizkion xalupa horiek pintoreari itsas-bazterrean zegoelarik, zur eta metalezko ontzi horiek iratxo-antzeko gizonez kargaturik, haren bi lagun betikotz elkartuen bila zebiltzanak...

No hay comentarios:

Publicar un comentario