2010/04/21

33. Pasartea


Eskerrik aunitz, bai edonori edo edozeri, azkenean mendekantzaren momentoa etorri zitzaiolakotz.Emakumearengana senditzen zuen gorroto eta erdeinu guztia bere mintzoan jarriz, esan zion, ez-ajolatuarena eginaz: «Aukera aisa dinat: Theresa hemen egonen dun, eta hi, joan haiteke berehala». Ezti bat izan balitz bezala jakitzen zituen Isabelaren begitartean agiri ziren harridura, gorroto indargea, lotsa, bai eta bihotz-mina ere. Bakoitzak bere aldi bihotz-min izateko! Theresa gaixoaren aurpegia negarrez eragabeturik bere begien aurrean berriro zekusanean, ez zuen batere errukirik nabaitzen haren ohean eserita zegoen emakume hasarretu eta lotsatu harentzat... Bitartean Isabelak bere espiritua bildu zuen ordea, eta egotzi zion: «Zorotua hago ala? Uste al duk hori onartuko dudanik, ezkontzeko hitza emana dautaanean? Jendeek zer esanen lukete orain ezteiak autsiko balira?» Bai, beti jendearen esana garrantzikoena Isabela bezelakoentzako... Poz gaizto batekin haren mintzoaren ihakina egin zuen: Jendeek zer esanen lukete?» eta jarraitu zuen ankerki: «Irri ederrik eginen dinate noski hire lepotik, gaixoa, batez ere ezkontza zergatik hautsi den egiazko zioa jakiten badute! Hi bezalako eme eder bat bere alorrean hamaika urteko neskato batek garaiturik izatea... ez dun paper ona jokatu komedia horretan!».
Isabelak ez zuen gudua oraindik galdutzat eman nahi. Gizona atzera irabazi beharrez, beste bide batetik saiatu zen.Negar beroak zerizkiola murmurikatu zion: «Baina hire andregaia nauk, maite haut! Hik ere maite ninduala hion... Ezin egotz nazakek horrela, otoi ez dezaala egin! Barka iezadak esan dauadana gaitzitu bazaik. Nahi baduk, Theresa gurekin egonen duk orobat ziaidak hirekin ezkontzen naizen ezkero...».

No hay comentarios:

Publicar un comentario