2010/04/21

71. Pasartea


Moldegaizki jaiki zen, eta ozta-ozta zutik egonaz errestatu zen liburutegi-sail berezi batera, oroit baitzen vodka-botila oso bat han ezkutan utzirik. Isabela joan zen eguna ezkero ez zuen edaria dastatu — baina gaur, gaur zoratuko zen ez bazen berehala horditzen! Esker onezko malkoak isuri zituen, eta otoitz bat murmurikatu zuen edozein jainkoaren aldera, azkenekotz, bere behatz enbaldituekin, tapoia kendu ahal izan zuenean. Alkohol maitea edan zuen, irentsi zuen,erdia soinekoetara erortzen zitzaiolarik, burutik eginda irudi barrez ari zela... Berriz edan, harnasa hartzeko ahal bezain denbora guti galduz... Orain pentsa eta asma, vodkak adimena argitzen dion araura. Botila erditara hustua zuen, baina ba zedukan besterik etsean, demonio guztiei esker! Edan ahal izanen zuen, mozkortasun argitzaileak zer egin behar zuen iragarriko zien arteraino. Problemaren edozein askapen ongi-etorri izanen da, Theresa beste jendeetara joatera uzten ez duen ber... Urdeok indartsu ziren ondikotz! bihotza ahul, gogoa ahul — ulermena ahul, hura baino askoz, askoz indartsuago ordea! Legearen indarra eskuetan zedukaten, eta ez zuen dudatzen harma horretaz baliatuko zirela, mehatxatu zuten araura. Haren izate ororen jabe egiten ari zen mozkorrarengatik ere, hotz-ikara bat nabaitu zuen bere burua hauzitegi batean zekusalarik... eta presondegian — edo gaixotegian... busuaren aholkua gogoratu zitzaion, eta irri egin zuen kiraski. Lehenago bizi izan balira, apaiz aitor-entzule batengana joan zedin esanan bide zion...

No hay comentarios:

Publicar un comentario