2010/04/21

6. Pasartea


Neskameak, mahaia garbitzen jarraikitzen zelarik, hari buruz inguratu gabe esan zion beingoan: «Andere Isabelak dei egin dautzu arratsaldean...» eta isilune baten ondoren gaineratu zuen «Theresaren bila joana zinelarik»; agiri zen haren mintzotik pentsatzen zuela hamaika urteak eginik zituen neskato batek inor ez zuela laguntzaile beharrik eskolatik etserako... baina deus besterik ez zuen esan. Gogoratzen zen gizona emaztegaiak bezperan esan ziola biharamoneko sei orduen aldean telefonatuko zuela. Ez zuen ahaztu, baina atera zen hala ere. Ez ajolatuarena eginaz, neskameari galdegin zion: «Zer nahi zuen?».
—«Esan-erazten dautzu bihar arratsaldean etorriko dela, eta etsean izan zaitezen».
Gizona isilik egon zen. Ez zuen balio atsoari esan liezon, gogoan zedukana. Ba zekien Isabela neskamearen kuttuna zela... Barregarri zen, pentsa zer aburu zukeen andere gazte apainak atso arront, zantar horrez! Jende bakunak gutxiesten zituela ez zuen ezkutatzen, eta halarik ere jende bakunok miresten zuten Isabela apain hori; bizi zen hauzoko herrian guztiek haren antzak eta edertasuna goraipatzen zituzten, eta baserrietako neskatilek haren erak kopiatzeko ahaleginak egiten zituzten. Barregarri, bai irudi zitzaion gizonari; berak ez zituen bakunak besteak baino gehiago ez gutxiago erdeinatzen... Lehenago, maite ere izan zituen, bere arbasoen etse zahar horretara egotera etorri zenean aita-amen heriotzaren ondotik, eta herrikoi izatera saiatu zen; haren saiatze horrek ez zuen ordea ondorio onik izan, bere-gisakoegi zelako agian-barka ez ditekeen bekatu bakarra! Lehenago, herrikoi eze izate horrek bihotz-min zemakion; orain berriz, ba zuen beste kezka-gairik...

No hay comentarios:

Publicar un comentario