2010/04/21

84. Pasartea


Zailena izanen zen hori geratzen zitzaizkien eginkizunetan — zailena eta premiazkoena... Haurra ez zekion ohar ahaleginduz — barka, Theresa, sekonta batentzat, minuta batentzat, esan gaberiko hitz emanagatik ere uzten bahaut, eskatu zion, ahalge, bere bihotzaren isilean — mozkortzera joan zen, bere koldarkeria madarikatzen zuelarik etsituta. Barkamendua emango ahal zion Theresak, bestela zailegi eta ezin egina baitzukeen... itotzear den batek haize salbagarria xurrupatzen zuen legez, edan zuen irents zezakeen alkohol guztia, eta orain — nevermore. Dena hurrendu artean iraungo ahal zion mozkorrak.Abaguneari isiltasuna zegokion. Ez zuten beharrenerik beren sentimenduak bata besteari erakustekotz: elkarrekin bizi izan ziren hilabete horietan, paradisu bat berekin zekarten egun bete horietan, guztia esan zioten elkarri. Gogoan zerabilzkien gizonak arte labur horretan izan zirenak oro, haurrari gauaz isilean egiten zizkion ikustaldietatik hasita; denbora batean ahalge bat ematen zioten orain poesiaz jantzirik agiri zitzaizkion ikustaldiok — zergatik ahalge izan, Theresaren gorputzarenganako irrits bat ukan zuelakotz? Lotsatzen ahal dira edozein laztantzez senar-emazte zintzo, zuzenak?... Bai, beharbada, eta horrengatik idealismoz estaltzen dituzte bere irrits eta grina harakoiak, lotsak atsegina eragotz ez diezentzat... Theresak eta hark, ordea, ez zuten estalgiren beharrik, gizonen idealismo ergela baino mila aldiz idealezkoago izan baitzen, eta baitzen oraindik, haien elkarrenganako erakarmen zoratua!... Eta hain aurki Theresaren haurtasun oso egonaz egingo zuen sakrifikatzeak ere ez zion lotsarik ematen: haur garbia garbiago baizik ez zen aterako laztan bortitz hartatik eta bera ere irriki makur guztietatik ikuzirik, biok orban-gabeturik betikotasunean edo ezer-ezean sartzekotz...

No hay comentarios:

Publicar un comentario